Gehiago merezi izan zuen Lagun Arteak

Guaixe 2014ko martxoaren 24a

3. maila. 31. jardunaldia. Lagun Artea 2 – Cortes 2

Lagun Arteak Cortes taldea hartu zuen igandean Lakuntzan. Gauzak ongi hasi ziren Lakuntzako taldearendako, Unai Bakaikoak 9. Minutuan sekulako gola sartu baitzuen. Hortik aurrera bikain aritu zen Lakuntzako taldea, baina gauzak okertu egin ziren, euren ate propioan gola sartu baitzuen Beteluk eta Lagunen defentsa akats bat baliatuz 1-2 aurreratu baitzen Cortes. Hala ere, Lagun Arteak ez zuen behera egin eta egoerari buelta ematen jakin zuen, atsedenaldia baino lehen Unai Bakaikoak bina berdindu baitzuen. Bigarren zatian bi taldeak garaipenaren bila aritu ziren, baina markagailua ez zen mugitu eta puntu banaketarekin despeditu zen lehia.

San Juanek jarraitzen du 3. mailako lider sendoa, 71 punturekin. Lagun Artea 15.a da, 32 punturekin, jaitsiera postuetatik 2 puntu eskasera. Asteburuan Erriberrin jokatuko du Lagunek, jaitsiera postutan dagoen Erri Berri taldearen kontra.