3. mailan jarraitzeko borrokan jarraitzen du Lagun Arteak

Guaixe 2014ko apirilaren 14a

3.maila. 34. Jardunaldia: Cirbonero 2 – Lagun Artea 2

Lagun Arteak 3. mailan jarraitu nahi du eta helburu hori lortzeko beste pausu bat eman zuen igandean Zintronikon, urre balioa duen puntu bat ekarri baitzuen, Cirboneroren kontra bina berdindu eta gero.

Partida entretenigarrian, Cirbonero izan zen markagailuan aurreratu zena, falta baten jaurtiketa probestuz. Lagun Arteak berdintzeko aukera izan zuen, baina Ayensak geldialdi bikaina egin zuen. Bigarren zatian igualtsu aritu ziren bi taldeak, baina Laguneko Redondok berdintzea lortu zuen. Hala ere, gutxi iraun zuen gozamenak, Igorrek 2-1 aurreratu baitzuen Cirbonero. 80. minutuan, eta Cirboneroko defentsaren akats bat aprobetxatuta, Unai Bakaikoak bina berdintzea lortu zuen eta horrela despeditu zen lehia.

San Juan da 3. mailako liderra (76 puntu). Lagun Artea 16.a da (35 puntu). Jaitsiera postuak 2 puntutara ditu Lakuntzako taldeak. Asteburuan sailkapenean azkena den Artajones taldea hartuko du Lagun Arteak, Lakuntzan.