11. Lakuntza-Aralar mendi lasterketak ibilbide aldaketa izanen du

Guaixe 2014ko maiatzaren 21a

Probako antolatzaileak, Zabalartekoak, bere eguna ospatu zuten larunbatean.
Proba ekainaren 8an jokatuko da eta izena ematea zabalik dago ekainaren 2ra arte

Aldaketekin dator 11. Lakuntza-Aralar mendi lasterketa. Ekainaren 8an jokatuko da, 9:30ean hasita. Proba nagusia 24,7 km-ko proba izango da, 2.308 metroko desnibela duena. Lakuntzakoa Nafarroako Mendi Lasterketen Txapelketarako baliagarria da. Bestalde, kadete eta juniorrendako 16 km-ko ibilbidea prestatu da. Lakuntzako plaza obretan dagoenez, Abarrategi kaletik abiatuko da proba, Lakuntzako frontoi paretik.  

Ibilbidea
Lakuntzatik Aralarrera abiatuko dira korrikalariak. Atazarko igoeratik Guardetxeraino iritsiko dira (1.035m). Aralarko parke naturalean sartuko dira, Mugerditik Belokiko leporantz egiteko (1205 m). Unako putzutik Irumugarrietaraino iritsiko dira, Aralarko tontorrik altueneraino (1.431 m). Handik ekingo zaio jaitsierari. Desaoko Borda eta Pagomari (1140 m) atzean utzita, hementxe helduko da berrikuntza, mendizaleak Aranguneko portutik jaitsiko baitira Lakuntzarantz.
Kadete eta juniorrek ibilbide berbera egin beharko dute, baina Guardetxetik Igaratzara doan pista hartuko dute eta bertatik jaitsiko dira.

Izena emateko
Ekainaren 2ra arte, www.lakuntza-aralar.com web gunean. Maiatzaren 23ra arte federatuek 20 euro ordaindu beharko dituzte eta federatu gabekoek 25 euro. Eta maiatzaren 23tik aurrera federatuek 25 euro eta federatu gabekoek 30 euro. Informazio gehiagorako: 618 88 30 77 edo 677 67 44 51.

Zabalarte eguna
Zabalarte klubak Zabalarte eguna antolatu zuen larunbatean. Goizean mendira jo zuten, eta buelta polita egin eta gero bazkaltzera bildu ziren. Gustura pasatu zuten eguna.