Lakuntzako Zabalarte Mendi Klubak hainbat entitateren laguntzarekin antolatuta, igandean, hilak 6, 11. Lakuntza-Aralar mendi lasterketa jokatuko da. Antzinako apustuetan oinarrituta sortu zen Guardetxeko igoera lasterketaren tokia hartu zuen probak, ibilbidea luzatuz. Lasterketa Nafarroako eta Euskal Herriko Mendi Lasterketen Zirkuiturako baliagarria izango da. Astelehenean despeditu zen izena ematea eta erredakzioa ixteko garaian 183 korrikalari zeuden izena emanda. Aurreko urtean Imanol Goñi eta Alizia Olazabal izan ziren txapeldunak, 200 korrikalariren artean.
Aranguneko portutik jaitsiko dira
Aralarko bihotzean burutuko da lasterketa. Aurten aldaketak egin ditu Zabalartek, ibilbidearen azken zatian. Ia 4 km gutxiago izango ditu probak (28,5 km, 2.308 m desnibela). Korrikalariak 9:30ean abiatuko dira Lakuntzako plazatik. Atazarko igoeratik Guardetxera igoko dira (1.035 m), antzinako galtzadatik pasaz. Guardetxetik Albi eta Mugerdin barneratuko dira, Belokiko lepora joz (1.205 m) eta handik zuzen Unako putzura ailegatuz, gero Hirumugarrietako tontorrera (1.431 m, Aralarko tontorrik altuena) iritsi arte. Ondoren Lakuntzarako bidea hartuko dute Desaoko borda eta Pagomari (1.140 m) atzean utzita. Eta hemen dator aldaketa, Sandindegitik barna jaitsi beharrean, Aranguneko portutik hartuko baitute Lakuntzarako bidea.
Bukaeran, ohikoa denez, masajeak hartzeko aukera eskainiko du Surya masaje eskolak. Eta, jakina, auzate ederra izango da korrikalari guztiendako. Guztia behar bezala antolatzeko, 80 pertsona baino gehiago ariko dira antolakuntza lanetan.
Kadete eta jubenilendako 16 km-ko proba
Hirugarrenez, Zabalarte Klubak 16 km-ko ibilbidea antolatu du kadete (15-17 urte) eta junior (18-20 urte) mailendako. Helduekin batera aterako dira kadeteak, 9:30ean, eta Guardetxeraino ibilbide berbera eginen dute. Ondoren, Igaratzako pista hartuko dute eta Kolosabarreneraino joango dira, handik helduen jaitsiera egiteko.
Sariak
Sari banaketa 13:15ean hasiko da. Parte-hartzaile guztiek kamiseta tekniko bat eta produktu lote bana jasoko dute. Irabazleek, gizon eta emakumeak, 350 euro, txapela eta trofeoa jasoko dituzte. Ibilbidea aldatu denez, ez da errekor hobetzerik sarituko. Bigarrenek 120 euro eta trofeoa, eta hirugarrenek 80 euro eta trofeoa. Laugarrenek, bosgarrenek eta seigarrenek produktu lotea eskuratuko dute. Bestalde, lehen lakuntzarrek, lehen sakandarrek, lehen beteranoek, lehen juniorrek eta lehen kadeteek trofeoak jasoko dituzte.
www.lakuntza-aralar.com
Lasterketari buruzko informazio guztia.