Lagun Artea mailaz jaitsi da

Guaixe 2014ko ekainaren 10a

Bigarren mailara talde nafarrik ez denez igoko, Lakuntzako taldeak 3. maila galdu eta preferente mailan jokatuko du

3. mailan lehiatu da aurten Lagun Artea baino hurrengo denboraldian mailaz jaitsi eta preferenten ariko da Lakuntzako taldea. Ligan 17.a sailkatu zen Lagun Artea (38 puntu), postu oso arriskutsuan. Izan ere, Nafarroako talderen batek 2.B mailara igotzea lortuz gero, 3. mailan jarraituko luke Lakuntzako taldeak. Bestela, preferente mailara jaitsiko litzateke.

Izarrak, San Juanek, Mutilberak eta Osasuna B-k jokatu dute 3. mailatik 2.B mailara igotzeko fasea, Estatuko hainbat talderekin batera, baina lau talde nafarrak txapelketatik kanpo geratu dira, aukerarik gabe. Hori dela eta, Lagun Artea preferente mailara jaitsiko da. Eta oso gutxigatik, sailkapena oso estu zegoelako. Valtierrano, 39 punturekin, salbatu egin da eta 3. mailan jarraituko du eta Lagun Artea, aldiz, 38 punturekin, jaitsi da. Ibarreko plantillarekin eta aurrekontu juxtuarekin konplikatua da 3. mailari eustea eta hala ere, Lagun Arteak orain arte eutsi egin dio. Oso gutxigatik preferentera jaitsi egin da baina lakuntzarrei meritua ezin zaie kendu. Animurik handiena opa diegu.