Lakuntzako plaza pixkanaka itxura hartzen ari da. Markesina edota farola berriak dagoeneko jarriak daude. Falta diren gainontzeko elementu guztiak jartzeko lanean ari dira Texsa enpresako langileak, agorrileko aurreneko hamabostaldian despeditu nahi ditu lanak enpresak.
Jose Ramon Garin alkateak esan digunez, lanei ekitean Lakuntzako Udalaren asmoa zen ahalik eta lan gehien herrian uztea, horregatik udalaren eta eraikuntza enpresaren artean hori hitzartu zuten. Garinek azaldu digunez, Texsa eta Lakuntzako hainbat enpresa prezioetan akordiora iritsi dira eta lan asko eta asko herrian bertan egiten ari dira. Esaterako, farolak eta burdin lan guztiak Bargak egin ditu, Lakumatek zurgindegiaz arduratu da eta Lakuntza Elektrizitatea argindarraz. Garinek esan digunez, “gure asmoa bete da eta, horregatik, udalean pozik gaude. Gainera, bertako enpresak herriarendako lan egiten ari direla sentitzen dutela uste dugu”.
Plazako farolek diseinu berezia dute, festetan estalpea sortzeko jarriko den toldoari eutsiko diotelako. Diseinu berezia dute, toldoak izanen dituen isuriei behar bezala eusteko. Toldo berria mustuko da festetan.
Ondoren
Lanak despeditzean, eliza eta iturria bitartean, plaza eta ondoko kaleak bat eginen duten oinezkoendako espazioa sortuko da. Hala ere, auzokideek euren ibilgailuekin sartzeko aukera izanen dute puntualki. Plaza gurutzatzen duen Mikel Arregi kalea tarte horretan jaso eginen da, ibilgailuek abiadura mantsotu dezaten. Plazako zoladura berritzearekin batera, sareak berritu dira. Gainera, argiteria publikoko, telefono eta argindar sareak lurperatu dituzte.
Aurrekontua
240.732,81 eurokoa (BEZ kanpo) da. Udalak lanak egiteko 115.934 euro jarri beharko ditu. Nafarroako Gobernuak 201.576 euroko diru-laguntza jasoko du eta Mank-en 6.650 euroko beste bat (ur azpiegituretako lanengatik). Udalak 20.000 euro markesina berria egiteko bideratu ditu.