Haurrendako jolasekin, euskararen aldeko flashmobaren aurkezpenarekin eta 200 bat lakuntzar elkartu zituen herri-afariarekin mustu ziren agorrilaren 21ean plazan egindako lanak. Egun horretan eta festetan plazako farola berriek eusten duten toldoaren estalpea ere mustu zuten.
San Saastin festen ondoren hasi ziren lanek erabat itxuraldatu dute lakuntzaren bilgune den plaza. Eliza eta iturria bitartean, plazak eta ondoko kaleak bat egin dute, eta oinezkoendako espazioa sortu da. Hala ere, auzokideek euren ibilgailuekin sartzeko aukera dute puntualki. Plaza gurutzatzen duen Mikel Arregi kaleko tartea jaso da, ibilgailuek abiadura mantsotu dezaten. Plazako zoladura berritzearekin batera, sareak berritu eta beste zerbitzu batzuenak lurperatu dira. Udaletxeari garrantzia emateko bere parean ez da zuhaitzik jarri. Plazan zeuden platanondoak masusta-arbolengatik ordezkatu dituzte.
Lanak Texsa enpresak egin zituen eta Lakuntzako hainbat enpresekin elkarlanean aritu da lanean. 240.732,81 eurokoa (BEZ kanpo) da. Udalak lanak egiteko 115.934 euro jarri beharko ditu. Nafarroako Gobernuak 201.576 euroko diru-laguntza emanen du eta Mank-en 6.650 euroko beste bat (ur azpiegituretako lanengatik). Udalak 20.000 euro markesina berria egiteko bideratu ditu.