Asteburuan hasi da Preferente mailako liga. 3. mailatik jaitsi den Lakuntzako Lagun Arteak etxean hasi zuen denboraldia, Amayaren kontra. Aurten Jose Antonio Claver dute entrenatzaile lakuntzarrek. Partida hasi eta 5. Minuturako Ibonek 1-0 aurreratu zuen Lagun, eta hurrengo minutuan Unai Bakaikoak bigarren gola sartu zuen. Lehen zatian Lagun Artea izan zen jaun eta jabe, eta atsedenaldira 4 goleko errentarekin iritsi ziren, Bakaikoak eta Burillok sartutako beste bi golei esker. Baina bigarren zatian Amayak buelta eman zion egoerari eta nahiz eta Montoyak Lagunen bosgarren gola sartu, partida erosoa zirudiena aldapa gora bilakatu zitzaien lakuntzarrei. Esku zalantzagarri baten ondoren sartutako penaltyari esker gola sartu zuen Amayak eta Betelu zelaitik kanporatu zuen arbitroak. Egoera nahasi egin zen orduan eta Amayak 5-4 hurbiltzea lortu zuen. Zorionez, garaipenarekin bukatu zen partida.
Zirauki da preferente mailako lehen multzoko liderra, 3 punturekin. Lagun Artea laugarrena da, 3 punturekin. Asteburuan Aibaresen kontra ariko da Lagun Artea, Oibarren.