Nordin Jdik Ultra Pirineu gogorra osatzea lortu zuen

Guaixe 2014ko irailaren 23a

Nordin, ultra traila hasi baino lehen.

103 km eta 6.324m+-ko desnibela zuen proba osatzeko 22 ordu t´erdi behar izan zuen

Asteburuan jokatu da, Bagàn, Ultra Pirineu mendi lasterketa, Pirinioetan barna jokatutako ultra trail gogorra. Larunbatean goizeko 7:00etan irteera hartu zuten 1.043 korrikalariek 103 kilometrori eta 6.324 metroko desnibel positiboari egin behar izan zieten aurre. Korrikalarien artean Nordin Jdi Baba lakuntzarra eta Sergio Goñi olaztiarra zeuden. Luis Alberto Hernandok irabazi zuen ultra traila, 11 ordu luze korrikan eman ondoren (11:15:14). Nordin Jdik 22 ordu t´erdiren buruan despeditu zuen egitekoa, helmugara 427. postuan iritsita. Lakuntzarra kontentu zegoen egindako lanarekin. “Pozik nago proga bukatu dudalako eta berriro martxan jarri naizelako” adierazi digu Nordinek.

Irteera hartu zuten 1.043 korrikalarietatik 601 iritsi ziren helmugara eta 400 erretiratu ziren, probaren gogortasunaren seinale. Erretiratuen artean dugu Sergio Goñi. Sei ordu luze korrikan egin ondoren erretiratu behar izan zen sakandarra.