Lagun Artea: Kategoria Autonomikora igotzea da erronka

Guaixe 2014ko irailaren 25a

3. mailatik preferentera jaitsi eta gero, lehendabiziko 6 postuetan sailkatu nahi du Lakuntzako taldeak, hurrengo denboraldian sortuko den Kategoria Autonomiko berrira igotzeko

Aldaketa urtea bizi du Lagun Arteak. 3. mailatik jaitsi ziren lakuntzarrak, oso gutxigatik, eta aurten preferente mailan estreinatu dira. Gainera, denboraldi arraroa izango da hau, hurrengo denboraldian 3. mailaren eta preferente mailaren artean kategoria berri bat sortuko baita, Kategoria Autonomikoa, eta horrek aurtengo denboraldia guztiz baldintzatuko du. Helburua, zalantzarik gabe, preferenteko lehen 6 postuetan sailkatzea izango da, Kategoria Autonomikora igotzeko.

“Nafarroako Futbol Federazioak onartutako aldaketa hau ez da batere ona herri txikietarako. 3. mailara igotzea ia ezinezkoa izango dugu herri txikietako taldeek. Erabaki honek klub handiei egiten diete mesede, harrobi handia dutenei. Pentsatzekoa da Kategoria Autonomikora Erriberako talde asko igoko direla, Erriberako herriak handiak baitira, talde indartsuekin. Maila horretan ez da diru laguntzarik ematen eta herri txikiak igotzen bagara, sekulako gastuak izango ditugu Erriberara joateko desplazamenduetan. Futbola ia debekagarria bilakatzen ari da, gastu izugarriekin, ia jasanezinak diren gastuak” adierazi digu Lagun Arteako idazkari Jesus Mari Goikoetxeak.

Talde oso gaztea, bertakoa
Hala ere, taldearen helburua igotzea izango da. Aurten entrenatzaile berria izango du Lagun Arteak, aurretik ere Lakuntzan izan zen Jose Antonio Claver altsasuarra, Altsasu entrenatzetik datorrena. Talde ia berria du bere aginduetara, iazko taldetik 15 baja baitaude. “Iraultza garaia bizi dugu. 15 jokalarien baja izan dugu, eta, bestetik, jubenil mailako taldetik 5 jokalari igo dira eta erregionaleko Lagun Artea B-tik 7. Momentuz 24 jokalari ditugu taldean eta adinaren batez bestekoa 21,7 urtekoa da. Bertako jokalari gazteen aldeko apustu garbia egin dugu, eta badakigu gauzak zailak izango ditugula, baina saiatuko gara” nabarmendu du Goikoetxeak.

“Gurea talde polita da, nahiko konpentsatua. Defentsan akaso pixkat justu gaude, lesionatutako jokalariak baititugu, baina goian klasifikatzeko aukerak izan, baditugu” dio Goikoetxeak. Talde faboritoak aurreko denboraldian goian egon zirenak ikusten ditu idazkariak: Agoitz, Mendi, Lagunak, Zirauki… “Iruñeko taldeak indartsuak izaten dira. Egia esan, maila honetara iritsi berriak gara eta ez dugu, oraindik, harreman handirik izan. Ikusiko dugu nola doazen gauzak” gaineratu du.

Hala ere, aurten sufritzea tokatuko zaiela argi du Goikoetxeak. Unai Bakaikoa, Medina, Gasco, Montoya, Davila eta Palomo dira euren esperientzia eskainiko duten jokalariak, eta haiengatik ikasi beharko dute jubeniletatik eta erregionaletatik igo diren jokalari gazteak. “Jokalariak giro onean dabiltza entrenatzen eta gogoz gaude, baina talde oso gaztea gara eta gure helburua jokalariak trebatu daitezela da, egin daitezela. Hemengo jendearengatik egin dugu apustua. Aurreko astean, Oibarren, beraiek gu baino altuagoak, nagusiagoak eta esperientzia handiagokoak ziren, baina gure mutilek gogo asko dute eta egingo dira” azpimarratu du.

Lehen jardunaldian 5-4 irabazi zioten Amayari eta larunbatean 3-2 galdu zuten Aibaresen kontra. Ea Ziraukiren kontra zer egiten duten (larunbatean, 17:00etan, Ziraukin).

Lagun Artea Futbol Kluba
Erregionaleko taldeaz gain, Lagun Arteak haurren mailako 2 talde eta Futbol 8an ibiliko diren kimuen mailako 4 talde –akaso 5 izan daitezke– ditu. Aurreko denboraldian zegoen jubenilen taldea desagertu da, jubenil gehienak erregional mailako taldera pasa direlako. Eta gauza berdina erregional mailan ibili zen Lagun Artea B taldearekin.

Aurten gastuak murrizteko lan handia egiten ari dira. “Aurreko denboraldian 60.000 euro baino gehiagoko aurrekontua genuen eta aurten 35.000-40.000 euroren artean ibiliko gara. Hala ere, Lakuntza bezalako herri txiki batendako diru asko da hori. Jokalari bakoitzaren seguruagatik 100 euro pasa ordaindu behar dira, partida bakoitzeko 120 euro ordaindu, desplazamenduetako gastuak, jokalarien errekonozimenduak, ohiko gastauak… Eta hori, kontuan hartu gabe jokalariek ez dutela kobratzen, soilik entrenatzaileari soldata sinbolikoa ematen diogula. Futbola ia debekatzailea bilakatzen ari da herri txikietarako” dio idazkariak.

Bestalde, Lagun Arteako juntan ez dago aldaketa nabarmenik. Carlos Ruiz de Erentxunek jarraitzen du presidente, Javier Hernandezek presidenteorde, Jesus Mari Goikoetxeak eta Migel Angel Aretak idazkari, Jose Mari Lanzek diruzain eta Javier Anduezak, Xabi Beteluk, Juan Ignazio Mendietak, Diego Cruzek eta Jesus Mari Zabartek bokal. Oscar Maiza sartu da juntan, bokal lanetan.

Lagun Artea 2014-2015
Atezainak: Lucas Pascual, Daniel Garcia eta Jon Goikoetxea.
Atzelariak: Adrian Betelu, Eneko Cruz, Aitor Egurza, Jon Ollo, Iñigo Palomo, Josu Palomo eta Iker Diaz.
Erdilariak: Jonathan Medina, Josu Arrosagarai, Ibon Arregi, Ander Unanua, Christian Leon, Ierai Perez de Villarreal eta Imanol Martinez.
Aurrelariak: Unai Bakaikoa, Arkaitz Gasco, Joseba Montoya, Jonathan Davila, Alejandro Zabala, Xabier Burillo eta Ruben Mendieta.
Entrenatzailea: Jose Antonio Claver.
2. entrenatzailea: Patxi Beraza.
Atezainen prestatzailea: Gorka Olaiz.
Fisioterapeuta: Asier Urkia.
Delegatuak: Diego Cruz, Oscar Maiza eta Jesus Mari Zabarte.