Liderraren kontra puntu bat lortu du Lagunek

Guaixe 2014ko azaroaren 4a

Preferente maila. 8. jardunaldia: Lagun Artea 1 – Baztan 1

Lagun Arteak Baztan liderra hartu zuen igandean Lakuntzan. Partida dominatzen hasi ziren lakuntzarrak, baina gero bi taldeak parez pare aritu ziren. Baina ez zen gol aukera nabarmenik izan. Bigarren zatian partida bikaina eskaini zuten bi taldeek. Baztani gol bat baliogabetu zion arbitroak, liniarrak hala eskatuta, jokoz kanpo egoteagatik. Segituan Baztanek gol bat sartu zuen, jokoz kanpo, baina kasu honetan arbitroak ez zuen baliogabetu. Nahiz eta emaitza kontra izan, Lagunek bikain jokatu zuen eta Cristianek berdintzea lortu zuen. Garaipenaren gola sartzear egon zen Lagun, baina nahiz eta garaipena merezi, banakako berdinketarekin bukatu zen lehia. Nolanahi, ez da emaitza txarra, liderraren kontra puntu bat ateratzea garesti baitago.

Baztanek jarraitzen du lider (20 puntu). Lagun Artea 8.a da (9 puntu). Asteburuan sailkapenean azkena den Mutilvera B izango du arerio Lagunek.