1964. urtean sortu zuen Lakuntzako Pertza elkartea Lakuntzako lagun koadrila batek. Hasieran Amio etxean izan zuen egoitza, eta beranduago gaur egungo tokira, Larraina kalera, lekualdatu zen. Aspaldiko istorio batengatik barre egiten zieten lakuntzarrei, Asulbizio festara San Migelera bidean zihoazela asto gainean zeramaten pertza erori, egositako tripota batek Uharteko errotariari begian jo, eta betoker geratu zela zioen istorioagatik. “Lakuntzako pertzak ze fin ein zuben?” egiten zieten burla lakuntzarrei. “Zuben aittek eta amak izan zubena” lakuntzarren erantzuna. Elkartea sortzerakoan zein izen jarri eta Lakuntzako Pertza jartzea erabaki zuten, burlari buelta emateko. Horretaz gain, Lakuntzako Pertza festa ospatzen hasi ziren 1967. urtean, Aralarko erromeria, asto, tripota, pertza eta guzti.
Egun ia 500 bazkide ditu Lakuntzako Pertza elkarteak, eta Jesus Andres Alegria da lehendakaria. Egoitza handia da. Hiru pisu eta sotoa hartzen dituen elkartea da Lakuntzako Pertza, duela gutxi berritu zena. Lakuntzako Pertza egunaz gain, San Saastinetan danborrada antolatzen du elkarteak duela 24 urtetik hona, eta herriaren alde lan egiten dutenei ohorezko txanoa ematen die. San Saastin eguneko auzatea antolatzeaz ere elkartea arduratzen da, eta abuztuko festetan auzate bat ere prestatzen du. Horretaz gain, Bazkide Eguna antolatzen du urtero, eta beste hainbat ekitaldi. Aurtengo bazkide eguna, jakina, berezia izango da. Afariaren ordez bazkarian bilduko dira bazkideak, eta data seinalatua denez, bikotekideak bazkarian egoteko aukera izanen dute. Bazkal aurreko trikitixa emanaldia bazkideek eskainiko dute, eta baita bazkal ondorengo dantzaldia ere. Jakina, omenaldietarako tartea ere izango da, elkartea sortu zuten bazkideak omenduko dituztelako.
Lakuntzako Pertza Elkarteko 50. Bazkide Eguna. Egitaraua
12:00etan Hildakoen aldeko meza.
13:00etan Trikitixak.
15:00etan Bazkaria elkartean.
17:00etan Dantzaldia.
19:00etan Gazta eta ardoa. Nafarroako Goma Gaineko Sokatira Txapelketa, Gizonezkoena eta Mistoa, pilotalekuan.
*Oharra. Trikitixa eta dantzaldia eskainiko duten musikariak 105, 414, 373, 489, 139, 678, 423, 588, 648, 519, 506, 169, 656, 661 eta 467 zenbakidun bazkideak dira.