Lakuntzako Pertza Elkarteak 50 urte bete ditu. Hori dela eta, aurten modu berezian ospatuko dute bazkideek bazkide eguna. Larunbatean izango dira ospakizunak, eta tartean, Nafarroako Goma Gaineko Sokatira Txapelketako jardunaldiaz gozatzeko aukera izango da Lakuntzan.
Zehazki, Nafarroako Goma Gaineko 600 kilo azpitiko gizonezkoen txapelketako 2. jardunaldia eta Nafarroako Goma Gaineko 550 kilo azpiko talde mistoen –emakumezkoak eta gizonezkoak– bigarren jardunaldia egongo dira jokoan. Gizonezkoetan 8 kidez osatutako lau talde lehiatuko dira: Beti Gazte, Amaiur, Berriozar eta Txantrea. Beti Gazte eta Amaiur dira faboritoak. Talde mistoetan, berriz, 8 kidez osatutako hiru talde lehiatuko dira: Berriozar, Amaiur eta Txantrea. Kasu honetan Berriozar eta Amaiur dira faboritoenak. Txapelketa 19:00etatik aurrera jokatuko da, Lakuntzako pilotalekuan, eta Nafarroako tiratzaile onenak lanean ikusteko aukera paregabea izanen da. Tamalez ez dago Sakanako talderik.
Sailkapena
600 kilo, gizonezkoak: 1. Beti Gazte (4 puntu). 2.Amaiur (3 puntu). 3.Berriozar (2 puntu). 4. Txantrea (puntu 1).
550 kilo, mistoak: 1.Berriozar (3 puntu). 2.Amaiur (2 puntu). 3.Txantrea (puntu 1).