Badirudi betidanik egon dela, baina ez. 1964. urtean sortu zen Lakuntzako Pertza elkartea. 24 lakuntzarrek sortu zuten, sekulako ahalegina eginda. Aurten, bada, 50 urte bete ditu ia 500 bazkide dituen elkarteak eta aurtengo bazkide egunean modu berezian ospatu zuten ekitaldia.
Ekitaldiak bazkide hildakoen omenezko mezarekin hasi ziren. Ondoren, eta trikitixak lagunduta, poteo bikaina egin zen herrian. Hirurak aldera bazkaltzera bildu ziren 200 pertsona inguru. 50. urteurrena ospatzeko bazkideek euren bikotekidea gonbidatu ahal zuten. Bazkaria bitartean 50 urte hauetako irudiak, bideoak eta argazkiak ikusi ahal izan ziren eta kafearekin batera omenaldien txanda iritsi zen. Jesus Andres Alegria presidenteak eta juntako gainontzeko kideek txapela eta oroigarria oparitu zieten elkartea sortu zuten hasierako bazkide haiei. Miren Ustarroz eskulturgileak tripotak pertzan irikiten daudenean hartzen duten itxura oinarritzat hartuta sortutako eskultura polita jaso zuten opari hasierako bazkideek.
Ondoren, elkarteko bazkide musikariek bat egin eta orkestra berezia sortu zuten Ricardo Areta aita-semeek, Edor Zubeldiak eta Ibai Ernaizek, Ernesto Ernaiz, Olatz Andueza eta beste hainbaten kolaborazioarekin. Jakina, bildutako guztiak jarri zituzten dantzan. Tarte batean Gregorio Zubeldia bazkide sortzaileak mikrofonoa hartu zuen, elkartea nola sortu zuten aipatzeko. Iruñetik Gasteiza artean beste elkarterik ez eta Gipuzkoara joan behar izan zuten informazioa jasotzera, baina hasieratik argi zutela Gipuzkoan ez bezala, Lakuntzan emakumeak onartuko zituztela. "Eta begira orain, ze elkartea, ze giroa, ze hermosura" zioen Gregoriok.
Jai giroak herriko tabernetan jarraitu zuen eta frontoia ere bete zen, elkartearen egunaren harira antolatutako Nafarroako Sokatira Txapelketa jarraitzeko. Beraz, modu bikainean ospatu dute lakuntzarrek elkartearen 50. urteurrena. Beste horrenbeste ospa daitezela.