Denboraldi hasieran Lagun Arteako idazkari Jesus Mari Goikoetxeak adierazi zuen Lakuntzako taldeari sufritzea tokatuko zitzaiola. Eta hala da. 3. mailatik jaitsita, iraultza garaia bizi du Lagun Arteak. 15 jokalariren baja izan zuen eta jubeniletatik igotako jokalariak, gazteak, eta aurretik geratzen diren beteranoak dira taldearen oinarria. Talde gaztea da, 21,7 urteko batez bestekoa duena. “Bertako jokalari gazteen aldeko apustu garbia egin dugu eta badakigu gauzak zailak izango ditugula, baina saiatuko gara” adierazi zuen Goikoetxeak.
Eta asmatu du, saiatu, behintzat, sekulako gogoekin saiatzen delako Lagun Artea. Baina ez dira emaitzak iristen. Igandean San Juanen kontra Iruñean jokatutako partidan ongi aritu ziren lakuntzarrak. Partida oso lehiatua izan zen eta gol aukerak ere izan ziren, baina bi taldeei izugarri kosta egin zitzaien kontrako atean asmatzea. Bi kontraeraso bikainetan gola sartzear egon ziren lakuntzarrak, baina ez zuten asmatu. Tarte horretan, eta atsedenaldira bitartean, onena izan zen Lagun Artea. Baina bigarren zatian San Juan hobeto atera zen zelaira, eta 53. minutuan gola sartu zuten San Juanekoek. Bi taldeak saiatu ziren baina horrela bukatu zen partida.
Cantolagua da preferente mailako liderra, 25 punturekin. Lagun Artea 13.a da, 9 punturekin. Igandean Lekunberriko Beti Kozkor taldea hartuko du Lagun Arteak, eta ea egoerari buelta eman eta puntuak pilatzen hasten diren lakuntzarrak.