Lakuntzako Behar-Zana pilotalekua bete egin zen larunbat arratsaldean, Nafarroako Goma Gaineko Sokatira Txapelketako azken jardunaldia jokoan baitzegoen. Gizonezkoetan 4 talde lehiatu ziren: Beti-Gazte, Amaiur, Txantrea eta Berriozar, eta talde mistoetan hiru: Berriozar, Amaiur eta Txantrea. Sekulako ikuskizuna eskaini zuten eta Nafarroako tiratzaile onenak lan egiten ikusteko aukera izan genuen.
Gizonezkoetan 8 tiratzailez osatutako taldeak lehiatu ziren Nafarroako Goma Gaineko Gizonezkoen 600 kilotan. Beti-Gazte izan zen talderik onena eta txapela janztea lortu zuten lesakarrek (6 puntu). Amaiur izan zen txapeldunordea (6 puntu). Hirugarren postua erabakitzeko borroka bizia izan zuten Berriozarrek eta Txantreak, berdindu baitzuten. Berdinketa apurtzeko bi tiraldiak Berriozarrek irabazi zituen eta bera izan zen hirugarrena (3 puntu). Txantrea sailkatu zen azkena (3 puntu).
Talde mistoetan gizonezkoek eta emakumezkoek osatutako taldeak lehiatu ziren. Berriozar izan zen txapelduna (6 puntu), Amaiur txapeldunordea (4 puntu) eta Txantrea hirugarrena (2 puntu).