San Saastinek Lagun Arteari irabaztera lagundu zion

Guaixe 2015eko urtarrilaren 19a

Preferente maila. 17. jardunaldia: Lagun Artea 4 – Aibares 2

Lakuntzako futbol zaletuek are gusturago gozatu zuten Lakuntzako San Saastin festetaz, larunbatean Zelai Berrin jokatutako partidan Lagun Arteak 4-2 hartu baitzuen menpean Aibares taldea. Horrela, 3 puntu oso baliotsu lortu zituen taldeak. Lehen zatian ongi jokatu zuten lakuntzarrek eta atsedenaldira bi goleko errentarekin joan ziren, Anderrek eta Cristianek sartutakoak. Baina bigarren zatian gauzak aldatu ziren, Enekoren golari esker Aibares 2-1 hurbildu baitzen. Baina Unai Bakaikoak Lagunen hirugarrena sartu zuen, zuriei konfiantza emanez. Enekok atzera ere Aibaresen aldeko gola sartu zuen, 3-2 gerturatuz, baina 84. minutuko Pitiren golak arnasa eman zien lakuntzarrei. Partida nahasian, merezitako garaipena lortu zuen Lagun Arteak.

Sailkapen orokorrean Mendi da liderra (41 puntu). Lagun Artea 11.a da (19 puntu). Igandean atzera ere etxean jokatuko du Lagunek, eta 26 punturekin sailkapenean seigarrena den Zirauki taldea hartuko du.