25. danborrada… eta etor daitezela beste horrenbeste!

Guaixe 2015eko urtarrilaren 20a

Lakuntzarrek San Saastinetako danborrada modu berezian ospatu zuten: danbor erraldoi baten atzetik desfilea egin zuten, 2 doinu berri eskaini zituzten eta Joxe Floresen zuzendaritza lekukoa danborradaren sortzaileak, Ricardo Aretak hartu zuen

Polita izan zen atzoko San Saastinetako danborrada. Polita, xumea eta emozio handikoa, beti ez baitira 25 urte betetzen. Lakuntzako danborrada handitu egin da. Lagun koadrila baten ekimenez sortu zen duela 25 urte, bezperan zerbait egiteko asmoarekin. Gero Lakuntzako Pertza elkarteak hartu zuen ekitaldia antolatzeko ardura eta egun berezia izan zen.

Gazteenek danbor erraldoi batekin karroza handia egin zuten, eta karrozaren atzetik desfilatuz eta danborrak joz, horrela iritsi ziren plazara danborradan parte hartu zuten 80 kide pasatxo inguruk. Aurten Joxe Floresek danborradaren sortzaile Ricardo Aretari pasatu zion aginte makila, eta bere aginduetara eskaini zituzten doinuak. Aretaren alboan Joxe Flores aritu zen laguntzaile lanean, Juan Jose Burillo elkarteko estandartea eramaten eta Arzak sardexka erraldoia eraman zuen. Eta haien atzetik adin guztietako danborjoleak.

Ordulariak 12:00ak eman bezain pronto Lakuntzako abesbatza San Saastin martxa kantatzen hasi zen eta horrela eman zitzaion hasiera danborradari. Bildutako jendeak gogoz txalotu zituen danborjoleak. Ondoren, Lakuntzako Ozarki txarangak, Sakanako Haize Berriak bandako kide batzuen laguntzarekin, hartu zuen danborradako doinuak jotzearen ardura. Tatiago, Idiyarena eta Diana ohiko doinuez gain, aurten bi doinu berri eskaini zituzten: Diana numero uno eta Otsagabia Biribilketa. Biribilketan Elai Alai dantza taldeko kideak atera ziren dantzara. Eta segidan omenaldien txanda iritsi zen.

Omenduak, pozik
Lehenik eta behin Juan Jose Burillori jarri zioten ohorezko txanoa “horrenbeste urtez danborradan Lakuntzako Pertzako estandartea eramateagatik. Txano honek tranpa dauka, beste horrenbeste urtez estandartea eramatea eskatuko baitiogu Juanjori” azaldu zuen Joxe Floresek. “Gehiago izan daitezela” erantzun zion Burillok, Lakuntzako Pertza elkarteko presidente Jesus Andres Alegriak txanoa janzten zion bitartean. Segidan Joxe Lazkano “Toto”-ri jarri zioten beste ohorezko txanoa. “Lakuntzar unibertsala izateagatik, herrian oso ezaguna eta estimatua. Nork ez du Toto ezagutzen? Kanpora joaten zarenean Lakuntzakoa zarela erantzun eta edonon esango dizute: Zer moduz Toto? Ze bizia darama?”. Emozio handiarekin hartu zuen txanoa Totok, eta txikienak gogoz datozela, hori da azpimarratu zuena, pozgarria dela txikienak festak ospatzeko zein gogotsu datozen ikustea. “Gora San Saastin!” oihukatuz eskertu zuen saria. Bukatzeko, Jesus Mari Zabarte “Casto”-ri eman zioten ohorezko txanoa. “Edozein fabore egiteko prest dagoelako. Futbola dela, elkartea dela, bazkari-afariak direla, edozein gauzetarako beti laguntzeko prest dago Casto” azaldu zuen Floresek. “Oso kontentu nago trofeo honekin eta lanean segituko dugu, ahal den guztian. Ongi pasatu festak eta aurrera atera behar dugu” esanez eskaini zuen saria.

Ondoren, danborradako kideek desfilea egin zuten karroza erraldoiaren atzetik Lakuntzako Pertza elkarteraino. Azkeneko pieza eskainiz, han despeditu zen aurtengo danborrada berezia.

Hasierak
Egunaren martxarekin kontentu zeuden Ricardo Areta eta Joxe Flores. “Hasierekin gogoratzen naiz. Migeliko Lazkano zenak, Emañenek eta bestek animatuta hasi ginen danborradarekin. Orduan bezperan ez zen dantzaldiaz gain aparteko ezer egoten, eta Migelikok esaten zidan: hobe genuen zure danborrak atera eta zerbait egin! Eta halaxe hasi ginen. Etxeetan zeuden danbor eta atabal guztiak hartu eta danborrada egin behar genuela. Txikienei kristalezko botilekin jarri genien. 100 pertsona inguru animatu ziren eta bikain pasa genuen, herri guztian barna desfilea eginez. Musikarenak ere badu berea. Txirrindularien autoan Edor Zubeldia zegoen sartuta, eta hark akordeoiarekin jotzen zituen piezak, alboan mikroa jarria zuela, txirrindularien megafoniatik doinuak entzun ahal izateko. Eta horrela ibiltzen ginen, pozik!” gogoratu zuen Aretak. Ondoren, Lakuntzako Pertza elkarteak hartu zuen ekitaldia antolatzearen ardura. Elkarteak danborrak erosi zituen eta garai hartan oso ohikoa zen haurrek Olentzerori danborra eskatzea. “Eta gutxinaka gauzak hobetzen saiatu gara, baina hasierako izpiritu horri eusten” gaineratu zuen Aretak.

Danborrada txikia eta piperropilak
Atzo goizean piperropil edo Lakuntzako etxeetan festetarako prestatzen diren anis opilen txapelketa burutu zen. Rosario eta Lourdes Soto ahizpek egin zuten piperropil onena, epai mahaiaren ustez. Bestalde, arratsaldean danborrada txikia burutu zen, eta harrobia badago, txiki askok parte hartu baitzuten ekitaldian.

Gaur ermitara
Gaur festetako egun handia izanen da. Goizean aurora kantatuko du Lakuntzako abesbatzak herriko txokoetan eta eguerdian San Saastin ermitara erromerian joango dira lakuntzarrak. Mezaren ondoren auzatea eskainiko du ermitan Lakuntzako Pertza elkarteak. Arratsaldean Elai Alai dantza taldearen emanaldia izanen da, eta, ohitura den bezala, Alkate Dantza eskainiko zaie udal ordezkariei. Eta arratsaldeko dantzaldiarekin despedituko dira aurtengo San Saastinak.