Mendi-Lagun Artea, atzeratuta

Guaixe 2015eko otsailaren 2a

Hurrengo jardunaldian Lagun Arteak Gares arerio zuzena hartuko du

Elurrarengatik eta euriarengatik hainbat futbol partida ezin izan dira asteburu honetan jokatu. Preferente mailako lehen multzoan jokatzekoak ziren 8 partidetatik 5 atzeratu dira, tartean Mendigorrian Mendik eta Lakuntzako Lagun Arteak jokatu behar zutena. Mendigorriako Pontarron zelaia urez gainezka zegoen eta Lakuntzako Zelai Berri elurrarekin. Horregatik partida atzeratzea erabaki zuen federazioak. Araudiak dio atzeratutako partidak hilabete baten epean jokatu behar direla, baina arrazoia denboralea izan denez, litekeena da atzeratutako partidak martxoaren 19an jokatzea.

Sailkapenean Mendik jarraitzen du lider (44 puntu), Cantolaguari 4 puntu ateratzen dizkiolarik. Lagun Artea 11.a da (19 puntu). Igandean Lagunek 21 punturekin bere gainean, 10. postuan dagoen Gares hartuko du, arerio zuzena. Ea Lagunek irabazi eta Garesi postua lapurtzen dion.