Rural Kutxa-Seguros RGA taldearen aurkezpena

Guaixe 2015eko otsailaren 18a

Ostegunean egin zuten aurkezpena, Burlatako Kultur Etxean. Talde profesionala (19 txirrindulari), afizionatuena (24 txirrindulari) eta Muskaria eta Tolosako eskolak aurkeztu zituzten

Juanmari Guajardo speaker altsasuarrak gidatutako ekitaldian aurkeztu zuten Sakanatik sortutako Rural Kutxa-Seguros RGA taldeen aurkezpena aurreko ostegunean, Burlatako Kultur Etxean. Rural Kutxak 23 urte daramatza kirol proiektu hau babesten baina 6. urtea izango da talde profesionala duena. Ekitaldian talde profesional kontinentala, talde afizionatua eta Muskaria eta Tolosako eskolak aurkeztu zituzten. Ekitaldian beste ekimenen berri eman zen ere. Tartean, Nafarroako Elikagai Bankurako egindako ekimenari esker125 tona jaki bildu zituztela azaldu zuten.

Rural Kutxa taldeko presidente Floren Esquisabel altsasuarrak hasi berri den denboraldiaren aurrean betiko moduan “ilusioz gainezka” zeudela nabarmendu zuen. “Aurpegi berriak, babesle berriak, helburu eta erronka berriak, baina ilusio berberarekin, konpromiso berberarekin, umiltasun berberarekin, anbizio berberarekin eta txirrindularekiko pasio berberarekin. Etxeko taldea izaten jarraitu nahi dugu, talde borrokatzailea, gauzak errazak ez izan arren lanari esker proposatzen duena lortzen duena” adierazi zuen. Halaber, zaleek emandako babesa eskertu zuen. “Taldea animatzen ikustea gozamena da. Vueltan Aralarko igoera olatu berdez ikustea oso hunkigarria izan zen. Ea horrela jarraitu dezakegun” gaineratu zuen.

Aurten taldeak Fuji txirrindulariak erabiliko ditu eta ALE etxe italiarreko arropak. 2014 denboraldian Rural Kutxa-Seguros RGA talde profesional kontinentalak 5 garaipen lortu zituen eta lasterketa gehienetan txirrindulariak oso borrokalari azaldu ziren, garaipenagatik borrokan.

Talde profesionala
Talde profesionalak 19 txirrindulari ditu. Aurreko urtetik 12 txirrindularik jarraitzen dute: Javier Aramendia, Amets Txurruka, Pello Bilbao, Omar Fraile, David Arroyo, Lluis Mas, Francesco Lasca, Fabricio Ferrari, Antonio Molina, Fernando Grijalba, Angel Madrazo eta Heiner Parra. 7 txirrindulari berriak talde amateurretik igo den Migel Angel Benito, Carlos Barbero, Hugh Carthy, Eduard Prades, Ricardo Vilela, Sergio Pardilla eta José Gonçalvez dira.
Plantilla orekatua da eta helburua talde bezala haztea da, Rural Kutxak geroz eta protagonismo gehiago izan dezan. Txirrindulariak trebatu nahi dituzte, lasterketetan gogor borroka dezaten eta dena eman dezaten. Horretaz gain, taldea garaipenak lortzen saiatuko da. Egunotan Almeriako klasikoan ari dira.

Afizionatuetan 24 txirrindulari, Alberto Mazkiaranen aginduetara
Rural Kutxa afizionatuen taldea oso talde gaztea da. Helburua, betiko moduan, txirrindulariak trebatzea da, profesional mailara salto egin dezaten. 24 txirrindulari izanen ditu aurten eta Alberto Mazkiaran izanen da zuzendaria. “Aurpegi berriak ditugu eta talde polita da. Esperientzia emango diguten eliteak gazteekin batera ariko dira. Helburua txirrindulari gazteak trebatzea da, etorkizunean talde profesionaletara saltoa egiteko aukera izan dezaten. Eliteek handitzen eta txirrindulari moduan hobetzen lagunduko diete. Irabaztea beti da polita, konfiantza eta lan egiten jarraitzeko motibazioa ematen dizu, eta ea guztia lortzeko aukera dugun” adierazi du Mazkiaranek.

Afizionatuek asteburuan eman diote hasiera denboraldiari. Batetik, Essor Basque proban lehiatu ziren. Victor Etxeberria eguneko ihesaldian sartu zen eta Erlend Sor eta Jose Rodriguez lehen 30 postuetan sailkatu ziren.

Lakuntzar bat Rural Kutxa-Seguros RGA afizionatuetan
24 txirrindulariak: David Seage (A Coruña), Jacobo Ucha (Pontevedra), Alejandro Martinez (Murcia), Asier Unanue (Gipuzkoa), Carlos Jimenez (Ciudad Real), Cristian Cuervo (Colombia), Cristian Rodriguez (Almeria), Daniel Lopez (A Coruña), David Civera (Valencia), Erlend Sor (Norvegia), Hector Saez (Albacete), Iker Azkarate (Gipuzkoa), Jaime Roson (Zamora), Jesus Alberto Rubio (Gaztela Mancha), Jonathan Lastra (Bizkaia), Jose Maria Rodriguez (Sevilla), Josu Zabala (Nafarroa), Manuel Sola (Granada), Migel Indurain (Nafarroa), Odei Juango (Lakuntza, Nafarroa), Salvador Martinez (Salvador), Victor Etxeberria (Nafarroa), Margos Altur (Valentzia) eta Ivan Venter (Hegoafrika).
Zuzendariak: Alberto Mazkiaran eta Ivan Latasa.