Lagun Artea irabaziz bueltatu da

Guaixe 2015eko otsailaren 23a

Preferente maila. 22. jardunaldia: Lagun Artea 3 – Ilunberri 1

Elurra eta uragatik zelaiak izorratuta zeudelako azken hiru jardunaldiak jokatu gabe egon ondoren, garaipen garrantzitsuarekin itzuli da Lagun Artea zelaietara. Igandean etxean jokatu zuten lakuntzarrek, Zelai Berrin, eta 3-1 irabazi zieten Ilunberrikoei. Merezitako garaipena izan zen, lakuntzarrak hobeak izan baitziren, bigarren zatian bereziki.

Lehen zatian Lagun Arteak ongi kontrolatu zuen egoera. Horrela, 29. minutuan Anderrek lakuntzarren lehen gola sartu zuen. Ilunberri erasora pasatu zen eta gol aukera politak izan zituen, baina Laguneko atezain Pablok bikain zaindu zuen atea. Bigarren zatian Lagun Artea nagusitu zen eta 50. minutuan Anderrek Lagunen bigarren gola sartu zuen. Gol aukera gehiago izan zituen Lagunek. Arbitroak Jonathan kanporatu zuen eta jokatzeko moduz aldatu behar izan zuten lakuntzarrek. Ilunberriko Xabierrek gola sortu zuen eta markagailuan hurbildu ziren, baina 85. minutuan Unaik Lagun Artearen hirugarren gola sartu zuen eta horrela despeditu zen partida.