Herri txiki, infernu handi

Guaixe 2015ko mar. 6a, 12:55
Pagadizabal eta Gurrutxaga, saioko aurkezelak.

ETBk Lakuntzan Herri txiki, infernu handi programarako saioa grabatu du. Ostegunean, martxoaren 12an, gala eginen dute Lakuntzako zinean eta ETB1ek saioa martxoaren 29an emango du.

ETB1ek igandetan eskaintzen du Herri txiki, infernu handi saioa. Euskal Herriko herri bat gai hartuta, herri horretako pertsonei elkarrizketak egiten dizkiete. Esateko zerbait duten pertsonak hartzen dira kontuan, edo pasadizo xelebreak dituztenak, edo, besterik gabe, herri horretan kuttunak edo bereziak direnak. Zuhaitz Gurrutxaga eta Mikel Pagadi beraiekin biltzen dira, herriaz eta euren bizipenez aritzeko.

Ostegunean gala
Bada, Lakuntza izango da Herri txiki, infernu handi saioko protagonistetako bat. Gurrutxaga eta Pagadi buru zirela, astelehenean saioko elkarrizketak grabatzen izan ziren. Hamaika elkarrizketa egin zituzten eta pozik geratu dira grabatutakoarekin. Orain, elkarrizketak prestatu eta lakuntzarrei erakutsiko dizkiete, martxoaren 12an, ostegunean, 20:00etan Lakuntzako zinean egingo duten gala berezian. Gala horretan Sebastian Lizasok bertsoak jarriko ditu eta Zuhaitz Gurrutxagak eta Mikel Pagadik Lakuntzan bizitakoarekin monologo dibertigarriak egingo dituzte, eurek elkarrizketatutakoak aurrean direla. Ekitaldia irekia da.

Lakuntzako saioa martxoaren 29an eskainiko du ETB1ek, 21:30ean.