Norberaren urtaroak

Lourdes Ganboa 2015ko api. 2a, 08:04

Askotan pentsatzen dut naturak bere urtaroak dituen bezala, guk ere antzekoak ditugula. Gure bizitzan egun onak ditugu, garai goxoak, eguzki ederreko egunak bezala; baina baita egun grisak ere. Halakoetan, egun triste, luze ilun horietan, mendialdera jasotzen ditut begiak. Bertan, argi ikusten da negu gogorrenaren atzetik ere, beti datorrela udaberria eta ondoren uda. Egia da gure inguru honetan uda motzak ditugula baina aldaketak ez du hutsik egiten. Izango dira fruitu gutxiagoko urteak, baina fruituak iritsiko dira. Eta ez dugu ahaztu behar uda partean gaudenean ere, epeltasun goxo eta argi ederrean, neguko egunak etorriko direla.

Horregatik iruditzen zait ez nukeela gustuko izanen Kanariar irletan bizitzea, paisaia beti antzeratsu badago, nola antzeman aldaketak? Eta paisaia ez bada aldatzen, aldatzen al dira pertsonak? Aukeran, gure aldaketak nahiago, askotan bortitzak badira ere.
Klimak eragina duela pertsonengan esaten da eta nik halaxe pentsatzen dut. Gure eguraldi petrala, gogor samar honi aurre egiteko gai izan behar dugu guk. Beste toki batzuetan berriz, klimatologiak bizitza erritmo motelagoa eramatera bultzatzen du.
Bukatzeko, aitortuko dizuet aurtengo gure negua luze izaten ari den bezala, nire barrukoa ere halaxe izaten ari da. Artikulutxo hau idaztea ere sekulakoa kostatu zait. Lehen esan bezala, mendira bota beharko dut begirada, zuhaitzetan kimuak udaberria iragartzen ari direla ikusi eta prestatzen joan nire barruko udaberrirako.

Lourdes Ganboa Gartziandia