Lagun Arteak preferente mailari eutsi dio

Guaixe 2015ko api. 27a, 15:09

14.a sailkatu da (27 puntu)

Lagun Artea taldeak 2015-2016 denboraldian preferente mailan jokatzen jarraituko du. Ligako azken partida etxean jokatu zuten lakuntzarrek, Beriainen kontra, eta 0 eta 3 galdu zuten. Bi taldeek ez zuten ezer jokoan baina denboraldia garaipenarekin despeditu nahi zuten lakuntzarrek eta ezinezkoa izan zen.

Lehen zatia nahiko eroa izan zen. Lehen minutuan Beriainek Lagunen atea zulatu zuen eta nahiz eta bi taldeek aukerak izan, markagailua ez zen gehiago mugitu. Bigarren zatian Beriaingo jokalariak finagoak izan ziren eta, azkenean, 3 eta 0 gailendu ziren.

Hurrengo denboraldian preferente eta hirugarren mailaren artean kategoria berria sortuko da, lehen maila autonomikoa. Preferente mailan sailkatutako lehen  taldeak igoko dira. Lagun Arteak lehen postu horietan sailkatu nahi zuen, kategoria berrira igotzeko, baina aukera hori galdu du. Aurten, preferenteko mendi liderra 3. mailara igo da, bigarrena sailkatu den Cantolaguak 3. mailara igotzeko igoera fasea jokatuko du eta 3. postutik 9. postura sailkatu diren Baztan, Ilunberri, Beti Kozkor, Zirauki, Agoitz, Lagunak eta San Juan B lehen maila autonomikora igoko dira. Lagun Artea 14.a sailkatu da, 27 punturekin, eta esan bezala hurrengo denboraldian preferente mailan jokatuko du, erregionaletik igo den Etxarri Aranatzekin batera.    

Aurreko urtean 3. mailatik preferentera jaitsi zen Lagun Artea. Jokalari askok utzi zuten taldea eta jokalari beterano gutxi batzuez gain, jubeniletatik eta erregionaletik igotako jokalariekin egin behar izan diote aurre denboraldiari. Bazekiten denboraldi konplikatua eta zaila izango zela eta aurten gaizki pasatzea tokatuko zitzaiela, eta nahiz eta maila autonomiko sortu berrira ez igo, preferente mailari eusteko gai izan dira eta hori ez da gutxi. Beraz, zorionak taldeari.

Lagun Artea 2014-2015
Atezainak: Lucas Pascual, Daniel Garcia eta Jon Goikoetxea.
Atzelariak: Adrian Betelu, Eneko Cruz, Aitor Egurza, Jon Ollo, Iñigo Palomo, Josu Palomo eta Iker Diaz.
Erdilariak: Jonathan Medina, Josu Arrosagarai, Ibon Arregi, Ander Unanua, Christian Leon, Ierai Perez de Villarreal eta Imanol Martinez.
Aurrelariak: Unai Bakaikoa, Arkaitz Gasco, Joseba Montoya, Jonathan Davila, Alejandro Zabala, Xabier Burillo eta Ruben Mendieta.
Entrenatzailea: Jose Antonio Claver.
2. entrenatzailea: Patxi Beraza.
Atezainen prestatzailea: Gorka Olaiz.
Fisioterapeuta: Asier Urkia.
Delegatuak: Diego Cruz, Oscar Maiza eta Jesus Mari Zabarte.