Lakuntzar bat Marokoko 10. Titan Desert proban

Guaixe 2015ko api. 29a, 12:39

Jabier Gartziandia erdian, Bartzelonako Probike taldeko taldekideekin.

Munduko mendi txirrindularitza proba gogorrenean dabil Jabier Gartziandia lakuntzarra eta senior mailako sailkapenean lehena da

Apirilaren 26an hasi zen eta maiatzaren 2an despedituko da Marokoko 10. Titan Desert Garmin BTT edo mendi txirrindularitza proba, munduko gogorrenetako bat, basamortua tarteko. Bertan lakuntzar bat dabil lehian, bizitokia Bartzelonan duen Jabier Gartziandia. Berak eta beste 600 txirrindularik etapa gogor ezberdinei egin behar diete aurre, basamortuan, puntako etapei.

Lehenengo etapan, Boumalne Dades eta Aknioun artekoan, 35.a sailkatu zen Gartziandia, eta astearteko bigarren etapan, Aknioun eta Toughach artekoan, 43.a iritsi zen helmugara. Sailkapen orokorrean Jose Silva dago buruan (8:40:07), eta Jabier Gartziandia 38.a da (9:51:35), senior mailako lehena.

Gaur Toughach eta Lambouare arteko etapa gogorra dute jokoan (115,9 km, 2.652 m-ko desnibela). Tartean, Atlasen hiru mendikate gainditu beharko dituzte. Ea lakuntzarrak maila bikain hori ematen jarraitzen duen.