Gartziandia 35.a Marokoko 10. Titan Deserten

Guaixe 2015ko mai. 4a, 07:52

Lakuntzarra basamortuko proba gogorreko lehen seniorra izan da

Larunbatean despeditu zen Marokoko 10. Titan Desert by Garmin BTT basamortuko mendi txirrindularitza proba, munduko gogorrenetako bat. 6 etapako lasterketa izan da, tartean Marokoko basamortua eta eremu gogorrak zeharkatzen zituena. 600 txirrindulari aritu dira, tartean profesional ohi handiak, eta bertan sakandar bat lehiatu da, Bartzelonan bizitokia duen Jabier Gartziandia lakuntzarra (Probike). Gartziandia profesionala izan zen 1988 eta 1991 urteen tartean, Rural Kutxa, Artiach eta Paternina Don Zoilo taldeetan.

Argi dago izan zenak izaten jarraitzen duela, Gartziandiak maila bikaina eman duelako Marokoko proba gogorrean. Titan Desert by Garmin proba Zarabici Trek taldeko 31 urteko Diego Tamayo kolonbiarrak irabazi du (22:45:469), Jose Silva, Ibon Zugasti, Oscar Pereiro, Luis Pasamontes, Bram Rood eta Juan Pedro Trujillo faborito nagusien gainetik gailenduz. Jabier Gartziandiak (Probike) maila bikaina eman du 6 etapetan eta azkenean sailkapen orokorrean 35.a sailkatu da (26:26:35), 3:40:46ra, senior mailako lehena. Txirrindulariek basamortuko eremu askotan GPS-arekin jarraitu behar izan zuten norabidea, eta aipatzekoa da proba 600 txirrindularietatik 483k despeditu zutela, lasterketaren gogortasunaren isla.