Elai dantzari alaiak

Guaixe 2015ko mai. 9a, 10:37
Elai Alai dantza taldea apirilean Iruñean izan zen.

Igandean, 12:00etatik aurrera Lakuntzan dantza.

Lakuntzako dantza taldeak, Elai Alaik, bere eguna ospatuko du etzi. Eguerdian herrian barna kalejira eginen dute 57 dantzariek. Hainbat puntutan geldialdia eginen dute dantzaren bat eskaintzeko. Hala ere, dantza jaialdia kalejiraren akaberan izanen da, plazan. Hura despedituta taldekoen gurasoek elkartean prestatutako bazkaria izanen dute prest dantzariek. Halaxe osatuko da igandeko egitaraua.

Gaur egun Elai Alai dantza taldean 45 dantzari txiki eta dozena bat handi daude. Bi taldeetan mutilen falta dute, batez ere handien taldean. Dantzari txikiak ostegun arratsaldetan elkartzen dira entseatzera. Haiei dantzak Olaia Martiarenak eta Rebeka Cuevasek erakusten dizkiete. Dantzari handien taldea larunbat goizetan elkartzen da eta ez du irakaslerik oraingoz, horregatik, aurreko ikasturtean ikasitako dantzen errepasoa egiten ari da.

Lakuntzako dantzariak ez dira geldi egon. Etziko herriko dantzaldiaz aparte, San Saastinetan, Lakuntzako Korrika txikian, Iruñeko Folk Lore Egunean eta Lesakako dantzari txiki egunean parte hartu dute. Aurretik Arbizuko festetan dantzatzea dute.