Musikalak badatoz Lakuntzara

Guaixe 2015ko mai. 29a, 10:05

Grease, Mamma Mía, Cruisin for bruisin, Goazen eta Hair musikalen pasarterik ezagunenak Lakuntzako zinean ikusteko aukera izanen da igandean 18:00etan. Ikuskizun hori Txingurriyek taldearen ekimenez sortu da, Elkartasun Egunaren barnean Kulturilleren agendan.

Jakina den bezala Txingurriyen helburua da jatorri ezberdineko herritarrak elkar ezagutzea. Elkar ezagutu eta elkarlanean aritzeko aitzaki dibertigarria aurkitu dute aurten: musikal baten prestaketa. Orain dela hilabete bat 35 lakuntzar entseguetan dabil buru-belarri, dantzak eta kantak ikasten, baina aktore nagusiei laguntzen atrezzo talde garrantzitsua ari da lanean jantziak, argiak eta bestelako detaile guztiak prestatzen. Guztiei esker izango da igandean ikuskizun berezi eta dibertigarria ikusgai.

Musikalaren hasieran taldearen aurkezpena egingo dute, eta azken urteotan antolatutako hainbat ekintzetako bideo eta argazkiak erakutsiko dituzte. Bukaeran, marokoar jatorriko emakumeek egindako pasta dastaketa izango da. Lan guztiari amaiera borobila emateko, parte hartzaileen afaria izango dute elkartean.