Kinto eta Corpus ospakizunekin, asteburu bete festa

Guaixe 2015ko eka. 5a, 11:13

Estreinakoz Lakuntzako makina bat kintadek data adostu eta euren eguna elkarrekin ospatuko dute. Lakuntzako kintoen eguna bihar izanen da. Ospakizuna hasteko, eguerdian, 1965eko kintoek auzatea eskainiko dute plazan. Poteoaren ondoren, 14:30ean kintoak bazkaltzera joanen dira eta festak Tirry and Terry dj-n plazako musika emanaldiarekin izanen du segida.

Biharamunean, igandean, ohi bezala, meza eta gero Corpus Christi eguneko prozesioa izanen da. Egun seinalatua da igandekoa Lakuntzan. Urtero moduan, 19:00etan, alkate dantza dantzatuko da plazan. Hura despedituta, festak Dj Elebitanekin izanen du segida, 19:30etik 21:30era. Dantzaldirako indarrak berritzeko, 20:00etan, auzatea izanen da.