Dena prest Lakuntza-Aralar mendi lasterketarako

Guaixe 2015ko eka. 12a, 17:33

Igandean jokatuko da, 9:30ean (24,7 km)

Lakuntzako Zabalarte Mendi Klubak Lakuntzako Udalaren eta hainbat entitateren laguntzarekin antolatuta –Muga, Lakuntzako Pertza, Surya, Sakana Kooperatiba, Lacunza eta Saprem tartean–, igandean, hilak 14, 12. Lakuntza-Aralar mendi lasterketa jokatuko da. Antzinako apustuetan oinarrituta sortu zen Guardetxeko igoera lasterketaren tokia hartu zuen probak, ibilbidea luzatuz. Lasterketa Nafarroako Mendi Lasterketen Zirkuiturako baliagarria izango da. Gaur despedituko da izena ematea, www.lakuntza-aralar.com orrian, eta erredakzioa ixteko garaian 128 korrikalari zeuden izena emanda. Aurreko urtean Aritz Egea (1:58:05) eta Sandra Sevillano (2:26:30) izan ziren irabazleak, 163 korrikalariren artean.

Aranguneko portutik jaitsiko dira
Aralarko bihotzean burutuko da lasterketa (24,7 km, 1.114 m desnibel positiboa). Korrikalariak 9:30ean abiatuko dira Lakuntzako plazatik. Atazarko igoeratik Guardetxera igoko dira (1.035 m), antzinako galtzadatik pasaz. Guardetxetik Albi eta Mugerdin barneratuko dira, Belokiko lepora joz (1.205 m) eta handik zuzen Unako putzura ailegatuz, gero Hirumugarrietako tontorrera (1.431 m, Aralarko tontorrik altuena) iritsi arte. Ondoren Lakuntzarako bidea hartuko dute Desaoko borda eta Pagomari (1.140 m) atzean utzita. Aurreko urteko aldaketei jarraiki, Sandindegitik barna jaitsi beharrean, Aranguneko portutik hartuko baitute Lakuntzarako bidea.

Ibilbidean barna 5 kontrol eta 4 hornidura gune egongo dira. Akaberan, ohikoa denez, masajeak hartzeko aukera eskainiko du Surya masaje eskolak. Eta, jakina, auzate ederra izango da korrikalari guztiendako. Guztia behar bezala antolatzeko, 80 pertsona baino gehiago ariko dira antolakuntza lanetan.

Sariak
Sari banaketa 13:15ean hasiko da. Parte-hartzaile guztiek kamiseta tekniko bat eta produktu lote bana jasoko dute. Irabazleek, gizon eta emakumeak, 250 euro, txapela eta trofeoa jasoko dituzte. Bigarrenek 100 euro eta trofeoa, eta hirugarrenek 50 euro eta trofeoa. Bestalde, lehen lakuntzarrek, lehen sakandarrek, lehen beteranoek, lehen juniorrek eta lehen kadeteek trofeoak jasoko dituzte.

www.lakuntza-aralar.com
Lasterketari buruzko informazio guztia.