Lakuntzako Parkea Martxan txapelketan izena ematea zabalik

Guaixe 2015ko eka. 16a, 12:30

Txapelketa ekainaren 27an hasiko da eta Lakuntzako festetan despedituko da

Lakuntzako Parkea Martxan taldeak I. Parkea Martxan Areto Futbol Txapelketa antolatu du. Izan ere, parkeko pistan makina bat koadrila aritzen dira areto futbolean eta horregatik kadrila arteko areto futbol txapelketa antolatu nahi izan da. 5 laguneko taldeak lehiatuko dira. Txapelketa ekainaren 27an hasiko da eta astebururo jokatuko da, Lakuntzako parkeko pistan. Lakuntzako festetan, agorrilaren 22an, jokatuko dira finalak.

Izena ematea zabalik
Taldeak 5 kidez osatuta egongo dira, atezain bat eta 4 futbolari. Gutxieneko adina 15 urtekoa da. Talde bakoitzak izen bat aukeratu beharko du eta izena ematerakoan 40 euro ordaindu beharko ditu. Partidak 18 minutuko bi zati izanen ditu, eta tartean 8 minutuko atsedenaldia egonen da. Partidak ostiraletan eta larunbatetan jokatuko dira, arratsaldez, 19:00etatik 21:00etara. Lehenengo lau sailkatuek finalak jokatuko dituzte Lakuntzako festetako txupinazo egunean, 10:00etatik 12:00etara. Txapeldunek, txapeldunordeek eta hirugarrenek trofeoa jasoko dute eta, horretaz gain, futbolari onena, atezain onena eta talde errebelazioa aukeratuko dira.

Izena emateko inprimakia Facebookeko Parkea Martxan Txapelketa helbidean dago edo interneteko hurrengo helbidean: https://docs.google.com/…/11fV31V-xT2YAIto_wKI_aAO…/viewform
Inprimakia bete eta bidali behar da. Bestela, parkeamartxantxapelketa@gmail.com epostan lortu daiteke inprimakia.