Udalen osaketa 2015

Patxi Xabier Razkin da Lakuntzako alkate berria

Guaixe 2015ko eka. 18a, 19:45

Larunbat eguerdian osatu zen Lakuntzako udal berria. EH Bilduko 9 zinegotzik izango dute herria gidatzeko lana: Patxi Xabier Razkinek, Juantxo Gayak, Aitor Garciak, Rafael Etxeberriak, Ruben Rodriguezek, Javier Ardaizek, Izaskun Igeltzek, Pello Ruizek eta Josu Imazek. Guztiek “legeak hala agintzen duelako” formularekin hartu zituzten euren karguak eta Patxi Xabier Razkin aukeratu zuten alkate. Razkinek emandako babesa eskertu zien herritarrei eta guztien artean lan egiteko gonbitea egin zuen. EH Bilduk gobernatutako gainontzeko udaletan bezala, lau ardatzetan lan egingo zutela nabarmendu zuen “gardentasunarekin, herritarron parte hartzea sustatuz, pertsona guztiendako eskubideak bermatuz eta erabakitzeko eskubidearen alde lan eginez”.

Bestalde, Rafael Pellejerok orain arteko alkate Jose Ramon Garinek eta Oihane Uribeetxeberria zinegotziak egindako lana bihotzez eskertu zuen eta eredu jarri zituen “horrela egiten delako Euskal Herria”. Txalo zaparrada artean horrela ekin zion ibilbide berriari Lakuntzako Udalak.

Erlazionatuak