Lakuntzako antzerki tailerrak Blas Alegriaren obra bat moldatu du

Guaixe 2015ko eka. 26a, 11:33

Idazle lakuntzarraren Aña Mari lanaren obraren egokitzapena, Ama Mari, eskainiko dute igandean, 19:00etan eta 20:00etan, Lakuntzako plazan.

Irailean hasi zen Lakuntzako antzerki tailerra. Helduak eta gazteak, zazpikote bat Jon Zubiagaren, Osoronen esanetara jarri zen. Astean ordu eta erdiko saioak egin dituzte eta ikasturtean zehar hainbat antzerki teknika landu dituzte: gorputz adierazpena, ahotsa, talde lotura… Hala martxora arte aritu ziren. Orduan jaso zuten Ama Mari antzezlana eta hura prestatzeari ekin zioten.

Oihane Andueza arduratu da Alegriaren obra moldatzeaz. Jatorrizkoan Blas Alegriak jainkoari bizitza eman nahi dion umezurtz baten pasadizoak kontatzen ditu. Izaskun Igeltzek esan digunez, Anduezaren bertsioan hiru garai agertzen dira. Lehena 30eko hamarkadan kokatuta dago. Bigarrenean Alegria beraren benetako arreben fikziozko pasarteak jaso dira. Azkenik, Gaur egungo gazte bat. Belaunaldi batetik bestera seme-alaben amarekiko erlazioa nola aldatu den, gerraren aipamenak, gazteei kritika eta beste jasotzen ditu antzezlanak.

Antzerki tailer eskaintza, estreinakoz joan den urtean egin zen eta Igeltzek esan digunez, segida izanen du: “tailerra sortu zela jakin ez zutela eskaera egin dute eta animatuta daude. Gainera, kultur etxea izanik, halako dinamikak sustatu eta jendean sentsibilizatu nahi da”.

Obra
Lakuntzako Baratzerrekalde baserrian bizi den familiaren berri emanez, Aña Mari misioetako antzezlanarekin, Blas Alegriak Euskararen Adiskideak elkartearen antzerki lehiaketan 2. saria eskuratu zuen 1928an. 75 pezetako saria eskuratu zuen (Lehen saria Fernando Urkia arbizuarrarendako izan zen). Urte hartan bertan argitaratu zen. Lakuntzako Baratzerrekalde baserrian bizi den familiaren berri ematen du lanak.

Antzezleak
Garazi Corroza, Xabier Alegria, Josune Goikoetxea, Jasone Auzmendi, Larraitz Amadoz, Oihane Andueza eta Izaskun Igeltz. Haiekin batera Jasone Etxebeste klarinete joleak eta Lakuntza Kantuz taldeak parte hartuko dute antzezpenean. Maindire batzuk osatuko dute eszenografia. Igeltzek azaldu digunez, “Alegria apaiz izateko atetan gelditu zenez, elizaren eta plazaren arteko espazioan antzeztuko dugu obra”.

Blas Alegriaz gehiago jakiteko