Lakuntzako Pertza erromeria bihar

Guaixe 2015ko abu. 15a, 10:24

6:00etatik aurrera lakuntzarrek Aralarko santutegirako bidea hartuko dute.

Lakuntzako Pertza erromeriak istorio bitxia du atzetik. Istorio horren arabera, garai batean lakuntzarrak San Migel santutegira igotzen ziren Asulbizio festa ospatzera, eta behin, asto gainean tripotaz beteta zeramaten pertza erori zitzaien bidean. Pertza maldan behera bueltaka hasi, egositako tripota batek Uharteko errotariari begian jo eta betoker utzi omen zuen. Gertakari horren kontura burla asko egiten zieten lakuntzarrei. "Lakuntzako pertzak ze fin ein zuben?" galdetzen zieten. “Zuben aittek eta amak izan zubena” omen zen erantzuna. Baina lakuntzarrek buelta eman zioten burla horri, eta Lakuntzako Pertza izeneko elkartea sortu eta aipatu elkartea Lakuntzako Pertza eguna antolatzen hasi zen, asto, pertza, tripota eta guzti.

Festa Ama birjinaren ondoko igandean ospatzen da, aurten agorrilaren 16an. Goizeko 6:00etan Aralarko santutegiko bidea hartuko dute lakuntzarrek Lakuntzako Pertza elkartetik, tripotak, ogia eta ardoa daramatzan astoarekin batera. Bide erdian, behin pertza erori omen zen tokian, geldialdia eginen dute tripotak jateko. Eta segidan San Migelera helduko dira.

Aralarko santutegian meza 11:00etan izanen da. Haren ondoren tripotak, ardoa eta ogia banatuko ditu Lakuntzako Pertza elkarteak, eta Bil-toki gazte elkarteko kideek Lakuntzako Pertza dantza dantzatuko dute. Ohi denez, bazkaltzera Guardetxera jaitsiko dira lakuntzarrak. Bazkaldu ondoren Guardetxean bertan dantzaldia izanen da, 16:30etik 18:30era, eta, geroago, Lakuntzara jaitsita, 20:00etatik aurrera ere dantzaldia izanen da. Ondoren ordu txikiak arte iraunen du festak.