Los Suavesek eta Kaimanak FC taldeak jokatuko dute finala

Guaixe 2015ko abu. 20a, 12:33
Los Suaves taldeak lehia oso estua izan zuen Burutik Jotak taldearekin.

Larunbatean, agorrilaren 22an, Lakuntzako festen txupinazoa baino lehen. Aurretik, bihar, ostiralean, 3. eta 4. postuak erabakitzeko partida jokatuko da eta gaur, ostegunean, kontsolazio partidak.

Ekainaren 27an hasi zen Lakuntzako I. Parkea Martxan Areto Futbol Txapelketa. 8 taldek eman zuten izena eta bi multzotan banatuta aritu dira lehian. Lehen multzoan Bandiduek, Los Suaves, Karrotillo 2 eta Biltoki neskak, eta bigarren multzoan Kaimanak F.C., Burutik Jotak, Karrotillo 1 eta Sikomotronik. Hasierako ligaxka jokatu eta gero, txapelketak baditu finalistak: Los Suaves eta Kaimanak FC.

Uztaila bukaeran finalerako sailkatzeko gurutzaketak jokatu ziren eta emozioa pil-pilean egon zen. Los Suavesek eta Burutik Jotak taldeek lehia oso estua izan zuten finalera sailkatzea baitzuten jokoan. Bi taldeek dena eman zuten eta partida hirunako berdinketarekin despeditu zen. Azkenean, penaltyetan, Los Suavesek lortu zuen finalerako txartela, 9-8 gailendu eta gero. Bestalde, Karrotillo 2 taldeak 3-1 irabazi zion Karrotillo 1 taldeari eta Sikomotronik taldeak 11-0 hartu zuen menpean Biltoki neskak. Bukatzeko, Kaimanak FC taldea 5-1 gailendu zitzaion Bandiduek taldeari, finalerako sailkatuz. Hortaz, Los Suaves beteranoen eta Kaimanak FC gaztetxoen arteko finala jokatuko da agorrilaren 22an.

Aipatzekoa da arrakasta handia izan duela txapelketak, lakuntzar ugari bildu baita parkeko pistan txapelketako partidak jarraitzera. Alde horretatik eta jokalariek eskainitako mailagatik kontentu daude antolatzaileak.


Sariak
Bihar, agorrilaren 21ean, Lakuntzako festen bezperan, 3. eta 4. postua erabakitzeko partida jokatuko dute Burutik Jotak eta Bandiduek taldeek, 19:00etan. Final handia Lakuntzako festen lehen egunean jokatuko dute Los Suavesek eta Kaimanak FC taldeek, txupinazoa baino ordu bat lehenago, 11:00etan. Eta gaur, agorrilaren 20an, ostegunarekin, gainontzeko taldeek kontsolazio finalak izanen dituzte jokoan, 19:00etatik aurrera.

Txapeldunek, txapeldunordeek eta hirugarrenek trofeoa jasoko dute eta, horretaz gain, futbolari onena, atezain onena eta talde errebelazioa aukeratuko dira.