Berritutako Lagun Artea

Guaixe 2015ko ira. 12a, 16:02

Lakuntzako taldeak 10 baja eta 7 alta izan ditu. Beteranoenek taldea utzi dute eta Manuel Plano entrenatzaile berria taldea osatzeko lanetan dabil. Helburua ahalik eta lan onena egitea da, goiko postuetan sailkatzeko

Asteburuan hasiko dute 2015-2016 denboraldia gure taldeek. Lagun Arteak Preferente mailan jokatuko du, erregionaletik igo zen Etxarri Aranatz taldearekin batera. Aldiz, Altsasuk erregional mailan jarraituko du.

Lagun Artea talde ia berritua izango dugu aurten. Lakuntzako taldeak 10 baja eta 7 alta izan ditu. Taldeko beterano handiek –Unai Bakaikoa, Arkaitz Gasco, Medina… talde txuria utzi dute. Gainontzekoek jarraitu egiten dute eta 7 jokalari berri iritsi dira taldera, horietatik 4 Iruñetik, Manuel Plano entrenatzaile berriarekin etorrita. “Aurreko denboraldia ahazteko modukoa izan zen. Beteranoetan oinarritutako taldea planteatu genuen, jokalari berriek haiekin ikas zezaten, baina zorte oso txarra izan genuen lesioekin. Beterano guztiak lesionatu zitzaizkigun, lesio oso larriekin, gainera. 3 jokalarik lotailu gurutzatuen lesioa izan zuten, lotailuen hausturak, ateratako sorbaldak… denetatik. Ez genuen zortea alde izan. Taldeak motibazioa eta interesa galdu zuen. Kategoriari eustea lortu genuen eta gaitz erdi. Hortaz, aurten berriro hutsetik hasi beharko dugu” adierazi du Lagun Arteako idazkari Jesus Mari Goikoetxeak.

Entrenatzaile berria, Manuel Plano
Manuel Plano izango da taldearen entrenatzaile berria. 63 urte ditu eta esperientzia handia. 22 jokalari izango ditu bere esanetara, gehienak Lagun Artean sortutakoak. 7 jokalari berri izango ditu. “Beteranoenek taldea utzi dute eta lehenengo helburua taldea egitea da, jokalariek elkar ezagutu eta konektatzea. “Giro ona sortu da taldean. Gazteak dira gehienak, 23, 25, 26… urtekoak. Samba da zaharrena, 32 urterekin. Gehienak lakuntzarrak eta sakandarrak eta Iruñetik etorritako 4 jokalari. Bere garaian atezain izan zen Orrio ere itzuli da. Gustura gaude, denboraldia hasteko gogotan” gaineratu du Goikoetxeak.

Helburua ahalik eta denboraldi onena burutzea izango da, goiko postuetan sailkatzeko, aurten sortu berri den Kategoria Autonomikora igotzeko ligaxkara sailkatzeko. “baina oinak lurrean izan behar ditugu, zaila izango da. Iruñeko taldeak oso onak dira, kalitate handikoak eta preferentea oso lehiatua izango denaren sentsazioa daukat. Gainera, aspaldiko partez derbya jokatzeko aukera izango dugu Etxarri Aranatzekin. Kontentu gaude igo direlako, oso ongi ezagutzen dugu elkar. Euren kontrako partidek zapore berezia izango dute” gehitu du Goikoetxeak.

Lagun Artea Futbol Klubak 6 talde
Preferenteko taldeaz gain, Lagun Arteak kadeteen mailako talde bat, haurren mailako talde bat eta kimuen mailako talde bat izanen ditu. Horiei Sakanako Futbol 8 Topaketetan arituko diren beste bi talde gehitu behar zaizkie. Hortaz, 6 talde izango dira guztira, 80-90 jokalari. “Gu bezalako herri txiki batendako balantzea oso ona da. Lakuntza eta gertuko herrietako jokalariak ditugu. Baina pena da jubenilen taldea ez izatea, preferenteko jokalari baseak izateko. Urte batzuk pasa beharko dira horretarako” ondorioztatu du idazkariak.

Lagun Arteako juntan ez dago aldaketa nabarmenik. Carlos Ruiz de Erentxunek jarraitzen du presidente, Javier Hernandezek presidenteorde, Jesus Mari Goikoetxeak eta Migel Angel Aretak idazkari, Jose Mari Lanzek diruzain eta Javier Anduezak, Xabi Beteluk, Juan Ignazio Mendietak, Diego Cruzek eta Oscar Maizak bokal. Azken bi hauek delegatuak dira. Jende gaztea juntan sartzea nahiko lukete “guk bizi guztia daramagulako eta jende gaztea behar delako” eta interesatu guztiek ateak zabalik dituztela gaineratu du Goikoetxeak.

Lagun Artea 2015-2016
Atezainak: Eneko Orrio eta Jon Goikoetxea.
Atzelariak: Ander Torres, Carlos Pascual, Urko Eizagirre, Eneko Cruz, Aitor Egurza, Samba Diouf, Gorka Otxotorena eta Sergio Muñoz.
Erdilariak: Jonathan Dávila, Xabier Burillo, Ibon Arregi, Omar Ndiaye, Iñaki Berastegi, Mikel Beraza, Daniel Ramos, Joseba Montoya eta Raul Erice.
Aurrelariak: Ander Unanua, Asier Salgado eta Ruben Mendieta.
Entrenatzailea: Manuel Plano.
2. entrenatzailea: Sergio Perez.
Fisioterapeuta: Daniel Ramos.
Delegatuak: Oscar Maiza eta Diego Cruz.

Liga, abian
Sakandarren asteburuko partidak:
Preferente maila:
Bidezarra – Lagun Artea (Igandean, 17:00etan, Noainen)
Infanzones – Etxarri (Larunbatean, 16:15ean, Obanosen)
1.Erregional maila
Altsasu – Lagunak (Larunbatean, 17:30ean, Altsasun)