Arraiza inklusioa ardatz duen antzezlanean

Guaixe 2015ko ira. 24a, 12:15

Jendarte Bidaideko antzezleen artean dago Anabel Arraiza. Argazkia: Noaua_aldizkaria

Jendarte Bidaide antzezlana mustu zuten Usurbilen ostiralean. Herriak Gipuzkoako ikastolen aldeko festa hartuko du eta egitasmoko Guztiok Gattunk batzordeak proposatu zuen proiektua. Hura zuzentzeaz Alex Tello arduratu da. Obraren muina mendekotasuna da. Gurpildun aulkiduna, Down sindromeduna, gorra, itsua… seinalatuez aparte, modu batera edo bestera, denok mendekoak garela adierazi nahi da obraren bidez. Azken batean gaitasun ezberdineko pertsonek osatzen dugula gizartea azaldu nahi izan dute obrarekin. Keinu bidezko itzulpena ere izan zuen emanaldiak.

Dantza, musika eta umorea ditu obrak. Anabel Arraizak zuzenean kantatzen du. Harekin batera, aritu dira Ana Elordi, Bouchra Bagdadi, Enrike Amilibia, Eugeni Alzibar, Satxa Soriazu, Telmo Irureta, Xanti Agirrezabala. Ez dute pertsonaiarik jokatzen. Pertsonak dira, gizarte zabalaren isla. Obra beste eszenatoki batzuetan emateko prest daude.