Munduko sukaldari lakuntzarren garaia

Guaixe 2015ko aza. 6a, 12:36

Maroko, Euskal Herria, Hego Amerika eta Senegalgo errezetak prestatzen ikasteko aukera izanen da lau igande arratsaldeetan.

Txingurriyek antolatuta hemen dira Lakuntzako II. Gastronomia Topaketak. Duela bi urteko esperientzia onaren eta arrakastatsuaren ondoren sukaldaritzaren inguruan lakuntzarrak elkartzea erabaki du elkarteak. Orduko formatu bera izanen dute topaketek. Hala, sukaldaritza aitzakia hartuta, normalean biltzen ez diren pertsonak bildu eta elkarrengandik jatekoak nola prestatuko ikasiko dute.

II. Gastronomia Topaketak lau igandez luzatuko dira. Lakuntzako Pertza elkartean jarri dute hitzordua, 18:30ean. Egun bakoitzean herrialde bateko gastronomia ezagutzeko aukera izanen dute lakuntzarrek. Sukaldari irakasleak gainera euren erkideak dira. Dagoeneko 20 batek eman dute izena. Gastronomia Topaketan parte hartu nahi dutenek hemen eman behar dute izena. Dohainik da.

Egitaraua
Azaroak 8
Marokoko harira (haragi, tomate eta lekalez egindako zopa), pastila (usoaz edo oilaskoz, tipulaz, almendraz betetako hostopil gozo eta gazia) eta flana.

Azaroak 22
Euskal Herriko pintxoa, kokotxak eta intxaur saltsa.

Azaroak 29
Hego Amerikako sankotxoa (haragi, tuberkulu, barazki eta osagaiekin egindako zopak) eta arto kakinaoa.

Abenduak 13
Senegalgo oilaskoa fideoekin eta mazedonia.