Hau da Despedidia agurreko biran azken aurreko geldialdia eginen du Oskorrik Maulen, bihar. Jai Alai frontoian, 18:30ean, eskainiko du kontzertua. Eta han izanen da Mikele Flores. www.guaixe.eus atariko zozketan parte hartu zuen lakuntzarrak eta galderari erantzunez argitu zuen Oskorriren bere gogoko kanta Furra-furra dela. Guaixe.eus-eko lehiaketan parte hartzeak Maulerako sarrera bikoitza emateaz aparte, taldeak sinatutako kartela ere jasoko du.
Bide batez, parte-hartzaileen erantzunen arabera, Oskorriren soinu banda sakandarra kantu hauek osatzen dute: Euskal Herrian euskaraz, furra-furra, Gora eta gora beti, Euskaldun berriaren balada, Intsumisoarena, Gaztelugatxe, Katuen testamentua, Kanuto eta Marijan kanta zan.