LABek kaleratze “arbitrario” bat salatu du

Guaixe 2015ko aza. 13a, 11:43

Bihar, 12:00etan, Haizea elkartean batzar irekia eginen da.

LABek jakinarazi duenez, Industrias Barga eta Soldaduras Uskain enpresetan langile bat kaleratu dute. Sindikatutik azaldu dutenez, enpresan 10 urteko esperientzia duen langilea da kaleratu dutena, “sekula ez duena inolako zigor edo santziorik izan”. LABek argitu du enpresak “kaleratze disziplinario gisa aurkeztu duela, falta larri bat egin duelakoan”. Baina “falta larri hori ez zitzaion sekula langileari legez behar den bezala aurkeztu eta, beraz, akusazio larri horren aurrean langileari defendatzeko aukera kendu diote”.

Sindikatuak azaldu duenez, bai haiek bai enpresak konstantzia zuten langilea langileen ordezkari izateko aurkeztu nahi zuela. Hori dela eta, kaleratzea “arbitrarioa” dela uste dute LABen: “kaleratze horrek zuzenean pertsonen sindikal askatasunen kontra egiten du”. Horregatik, bihar, 12:00etan Haizea elkartean eginen den batzarrean parte hartzeko gonbitea luzatu du.