Gose zaleak Kalifornian

Guaixe 2015ko aza. 17a, 16:16

Gose taldearen Gose IIIII (Jangura produkzioak, 2012) diskoak Kaliforniako Akademia Musika Sarietan, dance-elektronika mailako azaroko disko onenaren saria irabazi du. “Ezohiko konposaketa eta gaitasun bat erakutsiz, Gosek lan ikusgarria osatu du, dance-elektronika originala sortuz”, adierazi dute Akademiatik. Gose hirukoaren parte da Lakuntzan bizi den Jon Zubiaga, Osoron (gitarra).

Lehenengo bozketa fase orokor baten ondoren, musika industrian esperientziadun profesionalez eta diskoetxe handienetako arduradunez osatutako epaimahai batek hilero atal bakoitzeko irabazleak hautatzen ditu. Kaliforniako Akademiaren musika sariek Amerikako Estatu Batuetan (AEB) irabazleen lanaren promozio eta zabalpenerako bulkada ematen diote irrati, telebista, produktore, diskoetxe, prentsa aditu, internet eta beste hainbat bideren bitartez. Sariketako atal ezberdinetako sarituen lana AEBn barna ahalik eta gehien zabaldu eta ezagutzera ematen dute.