NUPetik saria Lakuntzara

Guaixe 2015ko abe. 17a, 17:56

Izaskun Andueza, ezkerrekoa, eta Martin Larraza, eskubikoa.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Hiritartasunari, Bizikidetzari eta Aniztasunari buruzko Unesco Katedrak deitutako Ekintzailetza Kolektiboko Ideia Hoberenentzako Sarietan akzesita lortu dute Izaskun Andueza Imirizaldu (Gizarte Laneko Saila) eta Martín Larraza Kintana (Enpresen Kudeaketa Saila) NUPeko irakasleek. Lakuntzan ekonomia sozialeko enpresa bat sortzeko ideiagatik jaso dute saria. Enpresa horrek hainbat jatorritako emakumeei eman die lana etxeko janaria prestatzeko xedez.

Elkar-Lakuntzen proiektuan badira hainbat balio sozial, esaterako kontsumo osasungarri eta arduratsua; txertatzen den inguruarekiko konpromiso soziala; eta elkarren arteko laguntza. Haren helburuen artean daude “enplegu duinak sortzea lakuntzar emakumeendako, eta horien artean magrebiar jatorrikoak, gizarteratzeko eta lan-munduan sartzeko zailtasun bereziak baitauzkate”. Bigarrenik, “hainbat jatorritako lakuntzarren arteko bizikidetzaren hobekuntza sustatzea”.

Xede populazioari dagokionez, sortu nahi da "etxeko janari osasungarria eta orekatua prestatu eta etxeetara banatzeko zerbitzua eskaintzea, hainbat arrazoirengatik janaria prestatzeko autonomia edukitzeko zailtasunak dauzkaten kolektiboendako (pertsona nagusiak, bi kideek lan egiten duten familiak, bai eta eskolako jantokian gelditzen diren haurrak ere)". Azkenik, proiektuarekin sustatu nahi da “tokiko garapen ekonomiko eta soziala, tokiko produktuen eta zerbitzuen kontsumo arduratsuaren bidez”.