Independentistendako deialdia

Guaixe 2016ko urt. 15a, 12:30

Bihar, 10:00etatik aurrera, kultur etxean Independentistak Sareak topaketa irekia eginen du.

Independentistak Sareak independentziaren aldeko mugimenduaren urrats berriak aztertu eta erabakitzeko helburuz antolatu du biharko topaketa irekia. Sareak 2014ko martxoan bi urterako plan estrategikoa zehaztu zuen. Sareko kideen iritziz, bitarte horretan “areagotu egin da independentziaren zentralitatea eztabaida politikoan eta erabakitzeko eskubidaren aldeko ekimenak oinarri sozial zabala bereganatu du”. Eskoziako erreferenduma eta Kataluniako prozesua ere aipatu dituzte.

Sareko kideak “gehiengo sozial independentista bat metatzeko estrategian sakondu eta egungo Euskal Herriarendako etorkizuneko alternatiba izan behar duen independentismoa definitzen” aritu dira. Egindakoa baloratu eta “egungo egoera sakon aztertzeko” elkartuko dira Lakuntzan, “euskal mugimendu independentistak aurrera begira garatu behar duen estrategia eta egin behar dituen urratsak ondo zehaztu eta jarduera plan bat mahai gainean jartzeko”. Saretik jakinarazi dutenez, “jauzi bat egiteko garaia da”. Horretarako prozesu irekia martxan jarriko dutela jakinarazi dute, eta Lakuntzako biharko topaketa irekia aurreneko pausua da. Independentista guztiak parte hartzera gonbidatu dituzte.