Astearte arratsaldean hasi ziren Lakuntzako San Saastinak. Herri kiroletan ezaguna den eta hamaika perexiletako saltsa den Arzak piztu zuen suziria, eta lakuntzarrei san saastin festa ederrak opa zizkien. Segidan danbor soinuak hedatu ziren, txikien danborrada hartu baitzuen plazak. Danborrada nagusia, jakina, gauerdian hasi zen. Lakuntzako abesbatzak San Saastin martxa kantatu zuen, Ricardo Aretaren aginduetara danborradako danborrariek ilusio handiz jarraitu zutena. Sarriegiren ohiko doinuez gain, iaz estreinatutako Otsagabia biribilketa eta Pamplonesaren lehen diana eskaini zituzten, eta aurten Lantzeko zortzikoa ere jo zuten, lehenengo aldiz, Ozarki txarangaren, Haize Berriak bandaren eta herriko gaitarien doinuei jarraiki.
Omenaldiak beti dira bereziak, baina aurtengoa berezia izan zen, joan den urtean ehiza istripuan zendutako Ander Ganboa arbazuarra omendu baitzuen danborradak. “Aurten danborradaren 26. urtea da. Tinko gaude, familia moduan, betiko aurpegiak ikusten ditugu eta baita aurpegi berriak ere. Tamalez, kideak galtzen ere hasiak gara. Eta hori da Ander Ganboaren kasua. Ander eta bere anaia Joseba txikitatik hasi ziren gure danborradan jotzen. Aitak danborra erosi zien eta zenbait urtetan gurekin jotzen aritu ziren. Euren danborrak Lakuntzako Pertza elkartean utzi zituzten, danborjole berriek erabili zitzaten. Badakizue urtero ohorezko txanoa ematen diogula norbaiti, eta aurten gurekin ez dagoen Anderri eskaini nahi diogu, eta baita bere anaia Josebari ere. Anderren falta sumatzen dugu. Gaur bere danborrarekin jo dut, eta neskatila batek jo du Josebarena. Gure gaurko errekonozimendua eurendako da” adierazi zuen danborradako antolatzaileetako bat den Joxe Floresek. Ganboatarren senitartekoek jaso zuten ohorezko txanoa, bi mutilen danborrak aurrean zeudela, eta eskerrik beroenak eman zizkieten lakuntzar guztiei.
Gaur ermitara
Gaur txiki geratu da Aldaban dagoen San Saastin ermita. Meza elizkizunaren ondoren, auzate bikaina prestatu du Lakuntzako Pertza Elkarteak. Txistorra, gazta, txokolatea eta piperropilak ez dira falta izan. Arratsaldean, ohiturari jarraiki Alkate Dantza dantzatuko dute herriko gazteek eta Elai Alai taldearen emanaldiaz gozatzeko aukera izanen da.
Asteburuan gehiago
Osteguneko atsedenaldiaren ondoren, ostiralean eta larunbatean izanen dute segida San Saastinek. Ostiralean haurrendako puzgarriak egongo dira fronotian eta DJ Bullek jarriko du musika giroa plazan. Larunbatean Piperropil txapelketa jokatuko da, erraldoiak eta buruhandiak kalera aterako dira eta aizkolari eta harri jasotzaileen emanaldia izango da. Arratsaldean Sakanako Pilota Txapelketaren finalak jokatuko dira eta, nobedade moduan, Karrikadantza antolatu dute zinean. Eganek jarriko du musika festen azken eguna izango den honetan.