Euskal dantzak ikasteko eta haiekin gozatzeko aukera. Horixe eskaintzen du Karrikadantzak. Eta Karrikadantzak Iruñetik Sakanara salto eginen du bihar. Zaldiko Maldikok, Euskal Dantzarien Biltzarrak eta Karrikiri, Iruñeko euskaldunen topaguneak, antolatzen dute Karrika-dantza. Hileko hirugarren larunbatean, 18:30ean, elkartzen dira dantzaldi zabala egiteko: dantza jauziak, dantza lotuak, jotak, arin arinak… Euskal dantzak karrikara atera dituzte horrela. 2011ko apiriletik ari dira horretan, arrakastaz.
Iruñerritik Lakuntzarako bidea egin du Karrikadantzak eta Lakuntzatik dantzazale sakandar guztiei gonbita luzatu diete. Lakuntzako kultur etxean bihar, 18:30etik aurrera, euskal doinuak entzunen dira eta aire horiek dantzatzeko aukera izanen da. Baita ez dakienak ere. Izan ere, gidari batek dantza pausoak azalduz joanen da, jendeak dantza egin dezan. Dantza zaleei, beraz, ongi etorria eginen diete Lakuntzan, bihar.