Binakako Urrezko Aizkora Txapelketa Lakuntzara

Guaixe 2016ko urt. 22a, 11:22
Aizkoraz gozatzeko aukera izango da Lakuntzan.

Joseba Otaegik eta Juanjo Lopez Azpilikuetak Lawrence O´Toole eta Iker Vicente izango dituzte aurkari, larunbatean, 13:00etan

Egur Sportek antolatutako Binakako Urrezko Aizkora Txapelketaren 5. jardunaldia hartuko du San Saastin festetan murgilduta dagoen Lakuntzak, larunbatean. Zehazki, B multzoan, Joseba Otaegik eta Juanjo Lopez Azpilikuetak Lawrence O´Toole australiarra eta Iker Vicente izango dituzte aurkari bihar, 13:00etan, Lakuntzako pilotalekuan.

Bi bikoteek ondoko lanak egin beharko dituzte: erlojuaren kontra 45 ontzako enborra erdibitu; kana erdikoa, zutik, erdibitu; abiadurako proba, 60 ontzakoarekin; 45 ontzakoa, zutik, eta kana erdikoa, etzanda, etzanda, erdibitu; eta lan erdiak, kana erdiko 4 enbor eta 60 ontzako bi enbor zatitu.

Otaegik eta Lopez Azpilikuetak irabazten badute, B multzoko liderrak izango dira, eta otsailaren 28an Azpeitian jokatuko den final handirako sailkatuko dira. Bertarako sailkatuta daude, dagoeneko A multzoko liderrak, Atutxa II.a eta Mugertza II.a, egungo txapeldunak. Baina Lawrence O´Toole eta Iker Vicente gailentzen badira, azkeneko jardunaldira itxaron beharko da finalisten berri izateko. Azken jardunaldian Lawrence O´Toole eta Iker Vicente lehen jardunaldian Juanjo Lopez Azplikuetaren eta Joseba Otaegiren kontra galtzetik datozen Iñaki Azurmendirekin eta Donato Larretxearekin ariko baitira.