O´Tooleren eta Vicenteren erakustaldia Lakuntzan

Guaixe 2016ko urt. 25a, 11:50

Proba guztietan gailendu zitzaizkien Otaegiri eta Lopez Azpilikuetari

Binakako Urrezko Aizkolariak txapelketaren 5. jardunaldia jokatu zen larunbatean San Saastin festetan murgilduta zegoen Lakuntzan. Joseba Otaegik eta Juanjo Lopez Azpilikuetan Nafarroako egungo txapelduna den Iker Vicente gaztea eta Lawrence O´Toole australiarra izan zituzten aurkari. Txapeldun australiarra lanean ikusteko ikusmin handia zegoen eta puntako aizkolariak gerturatu ziren Lakuntzako Behar-Zana pilotalekura, tartean besoan mina hartuta dagoen Olasagasti. 250 aizkora zale inguru bildu ziren proba jarraitzera. Eta gozatu ederra hartu zuten. Egia esan, ikusgarria izan zen Lakuntzako saioa. Iker Vicentek eta Lawrence O´Toolek sekulako saioa eskaini zuten: jaun eta jabe izan ziren proba guztietan.

Sekulako maila eman zuten biek. 45 ontzakoa erlojuz kontra zeinek azkarrago mozteko proban O´Toolek sekulako erakustaldia egin zuen: 30 segundotan bota zuen enborra. Otaegik, berriz, minutu bat behar izan zuen. Ikaragarria australiarrak egindakoa. Bigarren lanean 45 ontzakoa erdibitu behar zuten Vicentek eta Lopez Azpilikuetak. Iker Vicentek irabazi zuen, 48 segundoan enborra botata eta aurkariari 2 segundo aterata. Hirugarren lanean, kana-erdikoa zutik jarrita moztu behar izan zuten eta berriro ere erakustaldi bikaina eman zuten australiarrak eta Vicentek. Minutu eta 33 segundotan bota zuten enborra. Otaegik eta Lopezek 2 minutu eta 7 segundo behar izan zituzten.
Laugarren lanean 60 ontzako enborra bota behar izan zuten eta hor ere gailendu ziren irabazleak (01:37), arerioei 43 segundo aterata. Bosgarren lanean, 45 ontzako enborra, zutik jarrita, eta kana-erdiko bat, etzanda, ebaki behar izan zituen bikote bakoitzak. Hemen ere O´Toole eta Vicente nagusitu ziren (02:02), eta 25 segundo kendu zizkieten Otaegiri eta Lopez Azpilikuetari.

Iraupen proban lau kana-erdiko eta bi 60 ontzako ebaki behar izan zituen biko bakoitzak. O´Toolek eta Vicentek hasieratik hartu zuten aurrea eta alde hori mantentzen jakin zuten. Vicentek lan ederra egin zuen, lan luzeetan O´Toole baino hobe aritzen dela erakutsiz. Australiarra lan motzetan da abilagoa –ikusgarria 45 ontzakoa 30 segundotan bota izana–. 10 minutu eta 27 segundo behar izan zituzten proba bukatzeko, eta 11 minutu eta 29 segundo, aldiz, Otaegik eta Lopezek.

Lan guztiak kontuan hartuta Vicentek eta O´Toolek 16 minutu eta 55 segundo behar izan zituzten lanak egiteko eta Otaegik eta Lopezek, aldiz, 19 minutu eta 36 segundo. Finalerako sailkatzeko pausu handia eman dute Vicentek eta O´Toolek. Azken jardunaldian Azurmendirekin eta Larretxearekin lehiatu beharko dute. Zaleek argi jotzen dute finalean izango direla eta txapela lortzeko faboritoetakoak direla.


Perurena fin
Proba batetik besterako atsedenaldian harri jasotze erakustaldi bikaina egin zuen Inaxio Perurenak. Tartean, 270 kilo erraz jaso zituen leitzarrak. 111 kiloko bolarekin ere erakustaldi bikaina egin zuen.