Sakandarrak Pilota Berria hautagaitzan

Guaixe 2016ko ots. 2a, 11:35

Nafarroako Euskal Pilota Federazioko Hauteskundeetara aurkeztuko dira

Otsailaren 17an Nafarroako Euskal Pilota Federazioko Hauteskundeak izanen dira. Aurkeztuko diren hautagaien artean, FNPV/NEPF Hautagaitza-Cambio de Pelota / Pilota Berria izeneko taldea dago eta talde horretan hiru sakandar daude, Arbizuko Aldabide Kirol Elkarteko Lino Arruti eta Josemari Berastegi eta Lakuntza Kirol Elkarteko zuzendari Ander Lopetegi. Haiekin batera, besteak beste, Berriozar klubeko Angel Gamarra, Tuterako Imanol eta San Juaneko Jon Rovira daude. Nafarroako federazioan aldaketa baten beharra ikusten dute.

Bost puntu nagusi ditu euren programak. Lehenik eta behin “pilotaren eta kluben egoeraren diagnosi bat egitearen beharra” ikusten dute. Bigarrenik, unibertsitateekin hitzarmena sustatu nahi dute, “pilota formazio elementu bezala sartzeko”. Hirugarrenik ekonomia, marketing eta komunikazio estrategia bat egitearen beharra ikusten dute “sarrera pribatuen eremua garatu gabe dagoelako”. Laugarren puntua kluben gestio edo kudeaketarekin lotuta dago. “Federazioak 21.000 euro bideratzen ditu klubak finantzatzeko eta gehiago behar da. Gure proiektu izarra klubak bulkatzea da, eremu guztietan. Eta euren finantziazioa antolatzen dituzten ekitaldien araberakoa izango da” zehaztu dute. Programaren azken puntuan “pilotaren sozializazioa eta eskola promozioa” landu nahi dute. Horretaz gain, emakume pilotariaren figura sustatu nahi dute, emakumezkoen txapelketak sustatuz.

Pilota Berria hautagaitzatik uste dute klub bakoitzak boto bakarra izango balu “hauteskundeak irabaziko genituzkeela”. Izan ere, egungo araudiaren arabera klub bakoitzak boto bakarra du, baina klub bakoitzaren lizentzia kopuruaren arabera, gehienez 6 boto izan ditzake klub batek.

Egora ekonomikoaz galdetuta, Pilota Berria taldeak dio pilotari zehaztutako aurrekontua 715.000 eurokoa dela “eta horretatik erdia soldatetara bideratua dago”. Hautagaitza berriaren iritziz, “soldaten kopurua aurrekontuaren herena ez gainditzea da normalena, horregatik hemen gastuak murriztu ahal izanen genituzke”. Bukatzeko, egungo Federazioak egindako injerentzia bat salatu zuten. “Federazioko langileria ofizialak Hauteskunde Batzordeari egindako galdera bat erantzun zigun, eta legalki ezin da hori egin”.