Bi lakuntzarren kontrako auzia, artxibatua

Guaixe 2016ko mar. 4a, 13:35

Festetan presoen eskubideen aldeko ekimenean parte hartzeagatik “terrorismoa goratzea” leporatu zieten.

Lepoan hartu elkartasun taldeak jakinarazi duenez, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Ismael Moreno epaileak bi lakuntzarren kontra zabalik zegoen auzia artxibatu egin du. Joan den urteko Lakuntzako festetan euskal presoen eskubideak aldarrikatzeko ekimena egin zen. Han parte hartzeagatik bi lakuntzarrei “terrorismoa goraipatzea” leporatu zieten. Horregatik, lehenik Guardia Zibilaren eta ondoren epailearen aurrean deklaratu behar izan zuten.

Lepoan hartu taldea “eskubide politikoen urraketa salatu, elkartasuna adierazi eta etor zitezkeen gastu ekonomikoei aurre egiteko asmoz” sortu zen. Taldekideek lakuntzarrei eta sakandarrei emandako “elkartasuna, babesa eta laguntza” eskertu diete. Aldi berean, taldeko kideek erabaki dute  antolatu zituzten ekimenetan jasotako dirua “defentsa gastuak ordaintzeko eta euskal presoen senideei emateko” izanen dela.

Antzeko akusazio bati aurre egin behar izan zieten sei bakaikuarrek ere, alkatea eta bi zinegotzi barne. Santiago Pedraz epaileak auzia artxibatu egin zuen.


Erlazionatuak