Haur eta gaztetxo kantari sorta Lakuntzan

Guaixe 2016ko mar. 18a, 08:53

Larunbatean, 18:30ean, Lakuntzako kultur etxeak Nafarroako Haur eta Gazte Kantarien Jaialdia hartuko du.

 

Banaka, binaka edo taldeka. Nafarroako Haur eta Gaztetxo Kantarien Jaialdietan herrialde guztiko 470 bat abeslari ari dira parte hartzen. Orkoien eta Lodosako jaialdien ondoren, Lakuntzan haietako 139ren txanda izanen da, bihar. Bost herrietako kantariak igoko dira Lakuntzako eszenatokira, guztira 13 kantu emateko. Lakuntzako eskolako 50 haur eta gaztetxok, lau taldetan, kanta bana eskainiko dute. Lakuntzako San Saastin musika eskolako beste talde batek, 16 kide, beste kanta batekin parte hartuko du.

Berriozarrek igandean azken jaialdia hartuko du. Azkenik, apirilaren 30ean, Tafallan, Nafarroako Haur eta Gaztetxo Kantarien Jaialdi Nagusia izanen da.

Jaialdi horiek haur eta gaztetxoei eszenatokira atera eta euskarazko kantuak abesteko aukera eskaintzen diete. Hala izan da azken 26 urteetan. Jaialdiek “norberak barruan duena” erakusteko balio dutela esan digu Amaia Dominguez Gonzalo antolatzaileak (Tafallako musika irakaslea eta Kantuzale Elkarteko kidea). Nafarroako Gobernuak duela bost urte jaialdiak diru-laguntzarik gabe utzi zituen eta, ordutik, Kantuzale Elkartearn izenean Dominguez arduratu da haiek antolatzeaz, diru babesik gabe. Lakuntzako Udalaren laguntza izan du.